Esperientzia gazi-gozoa, Munduko Ironman Txapelketan

Julene Frantzesena 2022ko urr. 30a, 09:48
Ezkerretik eskuinera, Julen Lopetegi, Asier Oiartzabal eta Julen Azkue.

Julen Lopetegi, Asier Oiartzabal eta Julen Azkue triatleta azpeitiarrek Utah-n (AEB) jokatutako Ironman 70.3 Munduko Txapelketan parte hartu zuten atzo. Lopetegik ez zuen proba amaitzerik lortu, bai, ordea, Azkoitri taldeko Azkuek eta Oiartzabalek.

Julen Lopetegi, Julen Azkue eta Asier Oiartzabal triatleta azpeitiarrek Utah-n (AEB) jokatutako Ironman 70.3 Munduko Txapelketan parte hartu zuten atzo. Ironman erdia egin behar zuten hirurek atzo goizean –15:30ak Euskal Herrian–; hau da, 1,9 kilometro igerian, 90 kilometro bizikletaz eta 21 kilometro korrika.

Esperientzia gazi-gozoa izan zen haientzat. Izan ere, Lopetegi ondoezik atera zen probara, eta lasterkako zatian utzi egin behar izan zuen lehia. Azkoitri taldeko Azkuek eta Oiartzabalek, berriz, bukatu zuten lasterketa: Azkuek, 4 ordu, 29 minutu eta 18 segundo behar izan zituen helmugara iristeko, eta Oiartzabalek, berriz, 4 ordu, 57 minutu eta 48 segundo. Sailkapen orokorreko 335. eta 1.440. postuetan kokatu ziren, hurrenez hurren, bi kirolari azpeitiarrak.

Duela hiru urte, Nizan (Frantzia) jokatu zen Munduko Ironman 70.3 Txapelketa, eta orduan sailkatu zen hara Lopetegi. Aurtengoa izan du, beraz, proba horren bigarren aldia Alusigma Peñota Dental triatloi taldeko kidearentzat. Oiartzabal, berriz, hogei ironman egindakoa da, baita Munduko Ironman Txapelketa jokatutakoa ere, Hawaiin. Azkuek, berriz, lehen aldiz parte hartu du mundu mailako proban.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide