Parot eta Esnal gogoan egin dute azken ostiraleko elkarretaratzea

Julene Frantzesena 2022ko urr. 29a, 09:13
Atzo hainbat lagun elkartu ziren plazan.

Azken ostirala izanik, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea gauzatu zuten hainbat lagunek atzo plazan. Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal lapurtarrak izan zituzten bereziki gogoan, eta urruntze politika nahiz urriaren 8ko Donostiako jaialdia izan zituzten hizpide.

Hainbat lagun elkartu ziren atzo iluntzean plazan, Azkoitiko Sarek egindako deialdiari erantzunez. Izan ere, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko hileko azken ostiraleko elkarretaratzea gauzatu zuten horiek.

Atzokoan ere, Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal lapurtarrak izan zituzten bereziki gogoan, horietako bakoitzak 32 urte eta erdi bete baititu espetxean. "Plaza honetatik besarkada bero bat bidaltzen diegu Jon Kepari, Jakesi, beren senideei, beren lagun maiteei eta hurbilekoei", esan zuten Sareko kideek. Biak espetxetik kanpo badira ere, haien askatasuna "erabatekoa ez" dela salatu zuen Sarek. Dena den, aske gelditu izana Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakundeen eta herritarren mobilizazioari esker lortu dela azaldu du.

Bestalde, presoen urruntze sistema oraindik ez dela amaitu gogorarazi zuen Sarek: "Era iraunkorrean, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzaren bultzadaz, Tratamendu Batzordeek euskal presoen kasuan onartzen dituzten gradu-aurrerapenak edo espetxe baimenak errekurritu eta bertan behera uzten ditu". Gainera, Sarek "haserrea" adierazi du Espainiako justiziak Xabier Atristainen "eskubideak urratzeko" erabili duen "zentzugabekeriak". Hala salatu du: "Espainiako Auzitegi Gorenak muzin egin zion Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiari, zeinak ondorioztatu zuen preso donostiarrak ez zuela epaiketa justurik izan, eta orain Auzitegi Nazionala, baldintza guztiak betetzen zituelarik, Eusko Jaurlaritzak Atristaini emandako hirugarren gradua bertan behera utzi du".

Bestalde, Sarek "bihotzez" eskerrak eman dizkie joan zen urriaren 8an Donostiako Ilunpen egin zen jaialdian parte hartu zuten milaka lagunei. Haren arabera, horrek erakusten du "bidean jarraitzen" dutela. "Aurrera egitea, euskal gizarteak mobilizatzen jarraitzea, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiek etxera itzultzeko prozesua egin ahal izan dezaten lortu arte jarraituko dugu bidean. Guztion erantzukizuna da, eta, hori gabe, ezinezkoa izango da bizikidetzan aurrera egitea herri honek egiteke duen etorkizunerantz".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide