Hasi dituzte Idiakez Ederra eraikina zaharberritzeko lanak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 24a, 17:08
Eraikina hesiarekin inguratzen ari dira orduotan langileak. (Andoni Elduaien)

Grupo Campezo taldekoak diren Campezo eta Teusa enpresek, eta haiekin batera, Altuna y Uriak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak eraikiko ditu eraikinean hamasei etxebizitza libre. 2001ean hasi ziren lehen erorketak Kale Nagusiko 80. zenbakian. 21 urteren ondoren hasiko dira eraikina birgaitzeko lanak.

Hasi dituzte Idiakez Ederra eraikina birgaitzeko lanak. Gaur goizean bertan ekin diete Nagusia 80 bezala ezagutzen den eraikina zaharberritzeko lanei. Hura barrutik berritzen hasi aurretik, ordea, eliz atariaren zati bat hesiarekin ixten edo inguratzen hasi dira herritarrak babesteko asmoz.

Idiakez Ederra eraikinean bi eta hiru logelako hamasei etxebizitza berri eraikiko dituzte. Grupo Campezo taldekoak diren Campezo eta Teusa enpresek, eta haiekin batera, Altuna y Uriak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak eraikiko ditu etxebizitzak. Obrek bi urte inguru iraungo dutela aurreikusi dute; izan ere, etxebizitzek amaituta egon beharko lukete 2024ko uda aurretik arduradunek egindako kalkuluen arabera. Udalak azaldu du "esku-hartze benetan konplexua" dela Idiakez Ederra eraikinean egingo dutena, "eraikin berezia" baita.

1619an eraiki zuten Idiakez Ederra, eta egun, Monumentu Multzo kategoriako Kultur Ondasun bezala dago izendatuta. Aitor Zubia arduratuko da Nagusia 80 eraikina zaharberritzeaz, eta Mikel Arrillaga arkitektoarekin batera egingo du lan. Udalaren arabera, Zubia "espezialista da" ondare eraikinen eraberritze lanetan. Berak eraberritu du, esaterako, Donostiako Artzain Onaren katedraleko dorrea.

Urteetako bidea

2001. urtean hasi ziren lehen erorketak Nagusia 80 eraikinean, eta handik lau urtera, 2005ean, hondamendi egoerako eraikina izendatu zuten. 2008an, oinezkoen segurtasuna bermatzeko segurtasun proiektu bat eskatu zuten, eta horri erantzunez, L itxurako aldamio bat jarri zuten 2009an. Hasiera batean etxejabeek ordaintzen zuten aldamioaren alokairuaren gastua, baina gero udalaren esku gelditu zen haren ardura. 2015ean, udalak eraikinaren beste balorazio bat eskatu zuen, eta urte horretan bertan, kreditu aldaketa bat gauzatuta udalak erosi zituen aldamioak. 2017. urtean, berriz, jabeek udalari eman zioten Nagusia 80 eraikinaren jabetza osoa.

2018. urtean, Azkoitiko Udalak eta Visesa sozietate publikoak akordioa sinatu zuten, Idiakez Ederra eraikinean babes ofizialeko hamalau etxebizitza eraikitzeko. Hitzarmena sinatu baino lehenago, gainera, 408 tona hondakin atera zituzten eraikinetik. Urte hura amaitu aurretik, halaber, eraikinaren etorkizuneko itxura ere erakutsi zuen Visesak. 2020. urtean, ordea, hitzartutako guztia hankaz gora jarri zen; izan ere, uztailean sozietate publikoak bertan behera utzi zuen udalarekin zuen akordioa; lau hilabete lehenago, lanak lizitaziora ere atera zituen Visesak.

Udala bestelako bide bat urratzen hasi zen horren ondoren. Kale Nagusiko 80. zenbakian babestutako etxebizitzak eraikitzeko asmoa bertan behera utzi, eta eraikina etxebizitza libreak egiteko saltzea erabaki zuen orduan. Urte horretako urtarrilean egindako udalbatzarrak hala onartuta, etxearen salmenta lizitaziora atera zuten, eta martxoan udalak jakinarazi zuen eraikina erosteko proposamena aurkeztu zutela Altuna y Uria, Campezo eta Teusa eraikuntza enpresek, Aldi Baterako Enpresa Elkarte bezala.

Aurtengo apirileko udalbatzarrean, eraikinaren salmentaren esleipena onartu zuten. Uztailean, berriz, eraikinaren azterketa geoteknikoa egin zuten. Orain, eraikina birgaitzen hasiko dira, hamasei etxebizitza libre eraikitzeko. Akordioan jasotakoaren arabera, eraikinaren beheko lokala udalarena izango da, eta han Jubilatuen Etxea kokatuko duela esana du egungo Udal Gobernuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide