Aizkibel liburutegiak zientzia tailerrak antolatu ditu azarorako

Andoni Elduaien 2022ko urr. 25a, 09:59
Iazko zientzia tailerretako irudi bat. (Udala)

Bi tailer eskainiko dituzte azaroaren 9an eta 10ean liburutegian, eta LH3, LH4, LH5 eta LH6 mailetako haurrek parte hartu ahalko dute horietan. Etzi, osteguna, irekiko dute izen-emate epea, eta zabalik egongo da azaroaren 8ra arte.

Zientzia Astea tarteko, Aizkibel liburutegiak bi zientzia tailer antolatu ditu azarorako. Azaroaren 9an, asteazkena, Eraiki zure zelula izeneko tailerra eskainiko dute liburutegian, eta azaroaren 10ean, osteguna, Hidrogeno berdea izenekoa. Egun bakoitzean tailer bakoitzaren bi saio izango dira; 17:30ean hasiko da lehen saioa eta 18:45ean bigarrena.

Tailerrok LH3 mailatik LH6 mailara arteko haurrei daude zuzenduta, eta parte hartzeko izena eman beharko da aurrez liburutegian. Hain zuzen, etzi, osteguna, zabalduko du Aizkibelek izena emateko epea, eta zabalik egongo da azaroaren 8ra bitartean. Haurraren izena liburutegiko harrerara joanda edo 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta eman beharko da.

Eraiki zure zelula tailerra biologia zelularraren arloan kokatuko dute. Umeek zelularen osagai ezberdinak birsortu eta haien funtzio desberdinak era dinamiko eta aktiboz ulertuko dituzte jolas hunkigarri baten bidez. Era berean, ikasitako guztia zelularik originalena egiteko baliatuko dute, eta hura Petri plaka batean sartu ondoren, etxera eraman ahal izango dute. Hidrogeno berdea izeneko tailerrean, bestalde, ikasleek energiari buruzko erakusketa bereziak ikusiko dituzte, baita ekintza desberdinak egin ere. Energia berriztagarrien inguruko ezagutza garatzeko aukera izango dute haurrek tailer horretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide