30 urteko ibilbidea ospakizun, "berriro esnatzeko"

Andoni Elduaien 2022ko urr. 21a, 08:25

30. urteurreneko jaia ospatuko du bihar Zubiaurre igeriketa klubak. Egun osoko egitaraua antolatu dute, goizeko kalejiratik hasi, eguerdiko bazkariari lotu eta arratsaldeko kontzertura arte.

Zubiaurre igeriketa klubak 30 urte beteko ditu aurten bere sorreratik, eta egun taldea osatzen duten lagunek klubaren jaia ospatuko dute bihar, zapatua. Ospakizunarekin "berriro esnatzea" irudikatu nahi du Zubiaurre igeriketa klubak. Horrela azaldu du Pablo Dominguez klubeko batzordekideak: "Urte gogorrak izan dira guztiontzat, baita kirol klubentzat ere. Horregatik pentsatu genuen klubaren egun hau antolatzea. Behar genuen guztiok elkartzeko halako egun bat. Denbora askoan egon dira publikorik gabeko txapelketak eta horrek zenbait inertzia ere hautsi ditu. Gurasoen arteko harremanak, esaterako, mugatu egin dira. Aitzakia bat hartu eta festa polit bat antolatzea erabaki genuen".

Hala eta guztiz ere, jaia antolatzen hasi ziren lehen egunetik izan dute garbi "festa herritarrentzat" ere egin nahi zutela. "Guk buruan izan dugu beti guraso elkarte bat garela, herriko elkarte bat, eta herri eragile garen heinean herriari emanak gaudela. Igerilekuko itzulian itxita geratu beharrean, herritik jasotakoa herriari itzultzea nahi izan dugu".

Egun osoko egitaraua antolatu dute igeriketa klubekoek biharko. 13:00etan, triki-poteoa egingo dute herriko kaleetan zehar. Lauzpabost geldialdi egingo dituzte, gero Joseba jatetxera guztiak elkarrekin bazkaltzera joateko. Gaur-gaurkoz 150 lagun inguruk eman dute izena bazkarirako, baina oraindik bazkaltzera joan nahi duen inor balego, klubarekin jarri beharko du harremanetan. Bazkalostean, berriz, Garazi eta Sala bikoteak euskal kanten kontzertu akustikoa eskainiko du jatetxean bertan. Jatetxetik kalera eramango dute berriz ere jaia; izan ere, 16:00etan herriko haur guztientzako jolasak egingo dituzte herriko plaza nagusian. Klubeko begiraleak eta bestelako kideak arduratuko dira umeei jolasak antolatzeaz. "Klubeko haurrentzat izateaz gain, herriko beste haurrentzat ere izango dira jolasak, eta gustatuko litzaiguke haiek ere parte hartzea". Egunari amaiera emateko, azkenik, The Potes taldeak kontzertua eskainiko du plazan, 20:00etan. "Kirol klub bat gara, eta buruan dugu elkarrekin aisialdi jatorra eta osasuntsua igarotzea. The Potes taldeak bertsioak jotzen ditu, baina baditu bere abesti propioak ere. Sekulako giroa jarriko dute plazan". Klubak "eskerrak" eman nahi dizkie udalari eta herritarrei, eta guztiak animatu nahi izan dituzte nola goizeko kalejirara hala arratsaldeko kontzertura.

"Xume bezain handi"

Gaur egun, Zubiaurre igeriketa kluba 225 pertsonaren kudeaketaz arduratzen da, gutxi gorabehera 135 familiatako kideek parte hartzen dute klubean era batera edo bestera. "Urtez urte handitzen" joan da kluba, ordea, eta "dinamika horri eusten" jarraitzen du egun ere. Horren adibide, klubaren hastapenetako urteetan talde nagusien kopuruak hamar, hamabost edo hogei lagunekoak izan ohi ziren; azken urteetan, ordea, talde nagusian ez dira 40 lagunetik jaitsi. "Kopuruak oso altuak dira; klubak bere xumetasunean xume izaten jarraitzen du, baina bolumenean asko handitu da". Zubiaurrek ez du kirol emaitzen edo lorpenen bila jotzen, bestelako ikuspegi batean lantzen dute egunerokoa. "Klubaren filosofia humanistagoa da. Lorpenak baldin badaude, taldearenak dira, eta banakako kirola izan arren, inork ez du bakarrik igeri egiten. Gure helburua da gure seme-alabentzat, eta, oro har, herritar guztientzat uretan egiten diren ekintzen erdigune izatea eta horren gozamenerako aukera piztea". Hain zuzen, ibilbide pedagogiko bat ere sortuta dute klubean. "Hiru urteko igeriketa eskola dugu, eta klubean jarraitu nahi duenak, zorionez edo zoritxarrez, lehiatzeko aukera du soilik; izan ere, aisialdirako aukerarik ez daukagu egun, instalaziorik ez daukagulako. Halere, udalaren eta udal taldeen asmo nagusienetakoa da igerilekuari bultzada ematea, eta ea datorren agintaldian proiektua gauzatzea lortzen den. Espazio hori handituz gero, herriari asko eman diezaiokeen instalakuntza da igerilekua".

Tartean behin klubaren zuzendaritza batzordea ere aldatzen dute, eta egun ere prozesu hori ari dira gauzatzen. "Gure seme-alabei igeri egitea gustatzen zaienez, guri egokitzen zaigu kluba kudeatzea eta aurrera eramatea; izan ere, klubeko batzordean ez gaude propio batzordekide izan nahi dugulako. Gure seme-alabak, beste elkarte edo kluben baten egongo balira ere, berdina egingo genuke. Hori ulertzen ez badugu, horrelako klubek ez dute nondik heldurik izango. Herritik sortutakoa herritarrek eraman behar dute aurrera; ez dago besterik. Ezin da diruaren truke egin".

Zubiaurrek 25. urteurrena ospatu zuenean ere erreparatu zion klubaren historiari, eta omenaldi batzuk ere egin zizkioten sorrerako kideei. Klubak "sorrera kuriosoa" izan zuela dio Dominguezek. "Azkoitian igerilekua egin zen eta hura txapelketetarako egokitzea lortu zuten, baina borroka eginda. Azkoitian 23 metro luzeko eta lau kaleko igerilekua egiteko proiektua zegoen. Azpeitiko igerilekuan entrenatzen zuen gizon bat udalarekin jarri zen harremanetan, eta azkenean, 25 metro luzeko bost kaleko igerilekua egitea lortu zuten, inoiz herrian talderik sortzen bazen lehiatzeko aukera izan zezan". Igeriketa ikastaroak ere jarri zituzten martxan zerbitzu bezala, eta "behar bat" sortu zen orduan. "Ikastarotik igerian ikasi zuen jendea atera zen, baita igeriketa gustatu zitzaion ume sorta bat ere. Hori horrela, lehiatzeko beharra sortu zen eta behar hari lauzpabost gurasok erantzun behar izan zioten; izan ere, lehiatzeko nahitaezkoa zen taldeak klub izaera hartzea". Hala sortu zen egun denaren Zubiaurreren txinparta, ur gainean egonagatik ere inoiz itzali ez den 30 urteko sugarra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide