Adinekoentzako parke bio-osasungarria eraikitzeko lanak hasi ditu udalak Trenbidearen Zumardian

Andoni Elduaien 2022ko urr. 19a, 12:47
Parkea eraikitzeko lanak egiten ari diren gunea. (Andoni Elduaien)

38.945,22 euroko aurrekontua dute lanek, eta adinekoei zuzendutako parkea hilabete barru erabiltzeko moduan egongo dela aurreikusi du udalak. Trenbidearen Zumardiako parke bio-osasungarria, Intsausti parkekoarekin batera, herriko bigarrena izango da.

Ariketa fisikoa egiteko aparatuen parkea eraikiko du Azkoitiko Udalak Trenbidearen Zumardian adineko pertsonentzat. Parke bio-osasungarria eraikitzeko lanak Aizkibel liburutegiaren ondoko plazatxoaren eta Burruntxaliren Euskal Herriari omenaldia izeneko eskulturaren artean dagoen gunean hasi berri ditu erakundeak. Lanen aurrekontua 38.945,22 eurokoa da BEZ barne, eta udalaren arabera "hilabeteren buruan prest" egongo da erabili nahi dutenentzat.

Herrian badago adinekoentzat aparatu bio-osasungarriak dituen beste parke bat, Intsausti parkean, hain zuzen. Hala eta guztiz ere, udalak adierazi du "aukerak zabaltzea egoki" ikusi dutela. "Oraingoa kokapenari dagokionez tokia aproposa da, besteak beste, Pasira egitasmoko taldea ere astero Trenbidearen Zumardian elkartzen delako". Dena den, gorputzeko atalak lantzeko gunea izateaz gain, udalak parkea "sozializaziorako espazioa edo topagunea" izatea nahi du, adinekoek beraien arteko "hartu-emanei bide eman" ahal izateko.

Era berean, erakundeak gogorarazi du Pasira egitasmoan parte hartzea eta Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzua jasotzea doakoak direla. Zerbitzu horren bidez, orientatzaile batek egokiena den jarduera fisikoa identifikatu eta programa bat proposatzen dio adineko pertsonari, betiere bakoitzaren beharrak eta lehentasunak kontuan hartuta. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide