Faktura Bai aplikazioari buruzko formakuntza saioa eskainiko du Iraurgi Berritzenek

Julene Frantzesena 2022ko urr. 17a, 09:09

Urriaren 28an izango da saioa Azkoitiko Intsausti jauregian. Bereziki urteko faktura kopuru mugatua duten enpresei zuzendutako saioa izango da 09:30etik 12:30era eskainiko dutena. Dagoeneko eman daiteke izena.

Eskualdeko enpresetako ordezkariek, autonomoek nahiz ekintzaileek Faktura Bai aplikazioaren inguruko formakuntza jasotzeko aukera izango dute urriaren 28an, ostiralez. Bereziki urteko faktura kopuru mugatua duten enpresei zuzendutako saioa izango da 09:30etik 12:30era Azkoitiko Intsausti jauregian eskainiko dutena. Saiorako izena emateko honako zenbaki hauetara dei daiteke: 688 60 12 99 (Ione Eizagirre) edo 688 71 87 77 (Alazne Larrañaga).

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ticket Bai sistemaren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta erakundeek fakturak jaulkitzeko egindako doako web aplikazioa da Faktura Bai. Aplikazio horrek Gipuzkoako egoitza elektronikotik fakturak jaulkitzeko aukera eskaintzen du Ticket Bai sistemaren baldintzak beteta.

Aplikazioaren bidez, fakturak sor daitezke PDF formatuan, QR kodearen bidez eta Ticket Bai identifikatzailearen bidez. Aplikaziora sartzeko identifikazio sistema elektronikoa eduki behar da, faktura egiteko Gipuzkoako Foru Ogasunera bidaltzen den fitxategiaren sinadura elektronikoa behar baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide