Oletako parke eolikoaren proiektuaren aurkako jarrera har dezan eskatu dio Oletan ere Ez! taldeak udalari

Ane Olaizola 2022ko urr. 14a, 10:43

Oletan ere Ez! taldeak jakinarazi duenez, mozio bat aurkeztuko du Azkoitiko Udalbatzak onar dezan, baina oraindik ez du zehaztu noizko udalbatzarrean landuko duten gaia.

Capital Energy enpresak Oleta mendian gauzatu nahi duen Buruzai parke eolikoaren inguruan Azkoitiko Udalak jarrera har dezan, Oletan ere Ez! taldeak aurreratu du mozioa aurkeztuko duela erakunde horretan. Oletan ere Ez! taldeak Maxixatzeni adierazi dionez, mozio horrek, besteak beste, jasotzen du proiektu eoliko hori ez dela "onargarria", aerosorgailuak instalatu nahi diren Azkoitiko udalerriko mendietan "kalte handiak" eragin ditzakeelako. Era berean, ingurune horretako kultura, natura, aisialdi, geologia eta biologia ondareei "kalte larriak" eragiten dizkielakoan, proiektuaren aurka egiteko udalak "eskura dituen baliabide guztiak" erabiltzeko galdegingo dio taldeak herri erakundeari.

Oletan ere Ez! taldeak adierazi du parke eolikoak eraiki nahi dituzten hainbat udalerrietako udalek onartu dituztela proiektu horien aurkako mozioak, hala nola Soraluzek, Elgoibarrek, Urretxuk, Antzuolak eta Zumarragak. Taldeak gogoratu du egoitza Madrilen duen Capital Energy enpresako ordezkariek martxoan azaldu zizkiela Buruzai zentral eolikoaren proiektuaren ezaugarriak Azkoitiko Udalari, baina erakundeak oraindik ez duela erakutsi proiektuarekiko zer posizio duen. Buruzai proiektuaren aurka herrian jasotako 1.013 lagunen "babesarekin" eskatuko dio taldeak Azkoitiko Udalbatzari haren kontrako jarrera har dezan. Oraindik ez dute zehaztu udalbatzak noizko udalbatzarrean landuko duen mozioa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide