Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Veronica Gallarin: "Bezero guztiak ados agertu dira; Sanjuandegin beharrezkoa zen horrelako saltoki bat"

Erredakzioa 2022ko urr. 14a, 10:07

Ametsa betetzea lortu duela esan dezake Veronica Gallarinek. Izan ere, 13 urtez diseinu grafikoan lanean arituta, aspalditik zuen Sanjuandegiko Urbitarte auzuneko 8. zenbakian –behea– kokatuta dagoen saltokian bere negozio propioa zabaltzeko asmoa. Irailean lortu du helburua, eta denbora gutxi igaro den arren, "pozik" agertu da hartutako erabakiarekin.

Nolakoa izan da Mendata estudio grafikoa sortzeko prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Denbora asko neraman saltoki edo kokaleku hau –Urbitarte 8, behea– negozioa izateko toki aproposa izan zitekeela pentsatzen. Alde batetik, webguneen diseinuak eta aparteko diseinu lanak egiten ditut, eta, bestetik, papertegia saltzeko toki ona denez, biak uztartzeko aukera eskaintzen zuen. Aste Santu inguruan jakin nuen aurrez zegoen jabeak erretiroa hartu behar zuela, eta, bai edo bai, pentsatu beharreko gaia zen. Aurrera egitea erabaki nuen. Izan ere, iaz Iraurgi Berritzeneko Hazilan programan parte hartu nuen, eta han landu genuen gaietako bat ekintzailetza izan zen. Beraz, erabakia hartuta, Iraurgi Berritzenera jo nuen, prozesuarekin hasteko.

Enpresa plana garatu edota formakuntzaren batean parte hartu al duzu?

Ez dut formakuntzarik egin. Enpresa plana garatu nuen, eta horretarako, Iraurgi Berritzenen laguntza jaso nuen.

Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Asko ikasi dut. Azkenean, diseinu arloko kontuak kontrolatzen nituen, baina papertegikoak, adibidez, zailagoak egin zaizkit. Zerbait berria zen hornitzaileekin harremanetan jartzea niretzat; zer produktu eskatu, kantitateak... Hala ere, azkar joan da dena, batik bat, iraila delako papertegi batentzat hilabeterik garrantzitsuenetarikoa, eta data horretarako prest izatea nahi nuelako. Eta lortu dut!

"Norberarentzat, edo kasu honetan niretzat, lan egitearen alde onena inori ez diodala azalpenik zor da. Baina, aldi berean, azalpenak neure buruari eman behar dizkiot, ardura guztia dudalako. Onerako edo txarrerako, ni neu naiz dena erabaki behar duena"

Zer oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Dena lotzea, eta dena esaten dudanean, batik bat, eskaini nahi duzuna argi izateaz ari naiz; edozer gauza saldu dezakezu, baina zer eskaini nahi duzun jakin egin behar duzu, jarraitu nahi duzun bideak nolakoa izan behar duen definitu behar duzu. Produktuak, hornitzaileak... dena aztertu behar duzu, eta, nire kasuan, gainera, azkar erabaki.

Hilabete pasatu da Mendata estudio grafikoa zabaldu zenuela. Denbora gutxi igaro den arren, baloraziorik egin al duzu?

Bai, eta oso positiboa dela esan dezaket. Azkenean, kalean egoteak herritarrekin harremana izatea erraztu egiten du, eta aldea nabaritu dut. Denda ikustean, herritar ugari gerturatu eta sartu da produktuez galdetzera. Gainera, bezero guztiak ados agertu dira: Sanjuandegin beharrezkoa zen horrelako saltoki bat. Pozik nago.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Norberarentzat, edo kasu honetan niretzat, lan egitearen alde onena inori azalpenik ez diodala zor da. Baina, aldi berean, azalpenak neure buruari eman behar dizkiot, ardura guztia dudalako. Onerako edo txarrerako, ni neu naiz dena erabaki behar duena.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Segurtasuna, zure buruarekin seguru egon behar duzu, eta negozioa aurrera eramateko gai zarela sinetsi behar duzu. Bi oinarri garrantzitsuena horiek direla esango nuke: segurtasuna eta sinestea.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Egiten dudana ezagutzera eman nahi dut, herritarrek jakin dezatela zer eskaintzen dudan. Nire lana eta eskaintza hedatu nahi ditut.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide