Hizkuntza Eskolan hutsik gelditu diren plazak betetzeko matrikulazio epea irekiko dute urriaren 18an

Andoni Elduaien 2022ko urr. 7a, 13:17
Gaztaneneako Hizkuntza Eskola Ofiziala. (Alex Berasategi)

Urriaren 18tik 20ra bitartean eman ahalko da izena hutsik geratu diren plazetan. Azkoitiko Gaztanenean edo Eibarko Hizkuntza Eskolan presentzialki eman beharko da izena alemana, frantsesa eta ingelesa ikasteko.

Matrikulazioaren lehen bi faseak gaindituta, Hizkuntza Eskola Ofizialak urriaren 17an argitaratuko du 2022-2023 ikasturterako hutsik geratu diren plazen zerrenda. Plaza eskuratu nahi duten herritarrek oraindik aukera dute horretarako; izan ere, hutsik geratu diren plazen zerrenda argitaratu ondoren, urriaren 18tik 20ra egin ahalko dute interesdunek izen-ematea. Presentzialki egin beharko da Azkoitiko Gaztanenea Formazio Zentroan edo Eibarko Hizkuntza Eskolan.

Aurtengo ikasturtean Azkoitian alemana, frantsesa eta ingelesa irakatsiko dira maila ezberdinetan. Udalaren arabera, oraindik "plaza libreak egon daitezke", guztira eskaintzen diren 340 plaza horien artean. Alemanean, A1 eta B1 mailak emango dituzte; frantsesean, A1, A2, B1, B2.1 eta B2.2 mailak; eta ingelesean, B1, B2.1, B2.2 eta C1 mailak.

Alemanari dagokionez, adibidez, A1 mailak ordutegi formatu berria izango du, "ikasleei hobeto etor dakiekelako". Bi ordu eta laurdeneko iraupena dute saioek, eta astean birritan emango dituzte. Hain zuzen, eskolak astearteetan eta ostegunetan izango dira, 16:30etik 17:40era. Ikasketa denbora etxean beteko dute Moodle plataformaren bidez.

Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek www.eoieibarheo@hezkuntza.net posta elektronikora idatz dezakete, edota, bestela, Eibarko egoitzaren 943-89 92 75 zein Azkoitiko egoitzaren 943-54 16 50 telefono zenbakietara deitu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide