Astearteetan izango dira aurrerantzean Zinetogramen zineforum saioak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 6a, 09:05
'A hero' filmaren irudi bat. (Sensacine)

Zineforum saioen eguna aldatu du Matadeixe Zinetogram Azkoitiko zineklub taldeak. Aurrerantzean, astearteetako 20:00etan eskainiko dituzte filmak Baztartxo antzokian. Datorren asteartean ekingo diote ikasturte berriari, eta 'A hero' filma emango dute.

Matadeixe Zinetogram Azkoitiko zineklub taldeak datorren asteartean, hilak 11, ekingo dio zineforumaren denboraldi berriari. Aurtengo sasoirako hainbat aldaketa iragarri ditu taldeak, eta nagusiena da filmen proiekzio egunaren aldaketa; izan ere, ostiraletan eman beharrean, astearteetako 20:00etan eskainiko dituzte aurrerantzean filmak Baztartxo antzokian. 

Jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte aurten ere filmak. Era berean, emakumeek zuzendutako filmak, "altxor" izatera iritsi diren klasikoak eta Euskal Herriko zinemagileen aurkezpenak zein proiekzioak bultzatuko ditu taldeak. "Orain arte egin izan dugun bezala, kalitatezko zinemaren aldeko apustua da gurea, nahi duen guztiarentzat etxe ondoraino ekarria", azaldu dute taldekideek.

Hain zuzen, taldeak zehaztu ditu aurtengo denboraldiko lehen hiru film emanaldiak zein izango diren. Urriaren 11n, datorren asteartean, A hero filma emango dute Baztartxon, 20:00etan. Urriaren 25ean, Costa Brava, Líbano filma emango dute. Azaroaren 8an, berriz, Girasoles silvestres filma eskainiko dute.

Filmen puntuazioa eta kartelak

Azken denboraldian, film emanaldiaren amaieran pelikula bakoitza puntuatzeko aukera izan zuten ikus-entzuleek, eta Zinetogramek jakinarazi duenez ikusgai egongo dira emaitzak Baztartxo atarian. Aurten ere sistema berarekin jarraituko dute zineforumaren sustatzaileek, eta emanaldi bakoitzaren ostean ikusleak bere puntuazioa emateko aukera izango du.

Gainera, inguruko artista batek egindako filmaren irudia eta fitxa teknikoa erakusten dituen postalak banatuko dituzte filmaren hasieran Zinetogrameko kideek. "Aurreko urtean hasitako ohiturari jarraituz, postaletako irudiekin Baztartxoko hormak apaintzen jarraituko dugu. Inguruan ditugun artistei eta beraien lana musu truk eskaini izan digutenei, aitortza txiki bat egiteko nahiz herritarrei erakusteko modua iruditzen zaigu".

Filmen eta Zinetogramen jardunaren informazio osagarria Zinetogramen blogean dago eskuragarri, eta taldearekin harremanetan jarri nahi duenak zinetogram@gmail.com posta elektronikora idatz dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide