Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Azkoitian

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 4a, 14:14
Marijose Arregi, Ana Azkoitia, Jokin Bildarratz eta Javier Zubizarreta, gaur goizean. (Azkoitiko Udala)

"Herriko ikastetxeen eta irakaskuntzaren inguruko gaiak jorratzeko" elkartu da Javier Zubizarreta alkatearekin eta Ana Azkoitia eta Marijose Arregi zinegotziekin. Gaztaneneko eraikina bisitatu dute, besteak beste.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua Azkoitiko Udal Gobernuko kideekin elkartu da gaur goizean Azkoitian bertan, "alkateak hala eskatuta", udalak ohar bidez jakinarazi duenez.

Javier Zubizarreta alkatearekin eta Ana Azkoitia eta Marijose Arregi zinegotziekin egon da sailburua, "herriko ikastetxeen eta irakaskuntzaren inguruko gaiak jorratzeko", udalak azaldu duenez; "zenbait hobekuntza egiteko beharra helarazi" diote Bildarratzi udal gobernukideek, "herriko eskolek egindako eskaerekin batera"; besteak beste, Gaztanenea formazio zentroan irisgarritasuna hobetzeko igogailu bat jartzearen "beharra" eta "eskolek eskatzen duten patioen eraldaketa gauzatzeko aukera" jarri dituzte mahai gainean udal ordezkariek. Gaztanenean bertan izan dira Bildarratz, alkatea eta zinegotziak, sailburuak Hizkuntza Eskolak han dituen gelak ikus zitzan.

Zubizarretak bileraz egin duen balorazioa ere jaso du udalak oharrean. "Bilera ondo joan da, eta hainbat puntu izan ditugu hizpide. Ikusiko dugu ea Hezkuntza sailak lagun gaitzakeen Azkoitiko eskolei erantzuna emateko. Oraingoz, ez dugu ezezkorik jaso", adierazi du alkateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide