Launa berdindu dute Anaitasunak eta Aurrerak Txerloian

Andoni Elduaien 2022ko urr. 3a, 09:00
Anaitasunako gizonak larunbatean lortu zituzten lau goletako bat ospatzen. (Anaitasuna)

79. minutuan 1 eta 4 galtzen ari ziren Xabi Artetxe entrenatzailearen mutilak Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldearen aurka, baina azken hamar minutuetan lehia berdintzeko gai izan ziren gorritxoak. Euskal Ligako Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak ere berdindu egin du asteburuan.

Anaitasunaren gizonen lehen taldeak eta Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldeak launa berdindu zuten herenegun, larunbata, Txerloian. Anaitasunak laster hartu zuen aurrea, baina atsedenaldiaren aurretik berdindu zuten bizkaitarrek lehia. Bigarren zatian, berriz, hiruna gola egin zituzten bi taldeek. Partida hasi aurretik, Anaitasunak Jesus Arrizabalaga Tata omendu zuen urte guzti hauetan taldeari emandako laguntzagatik.

Xabi Soraluzek 7. minutuan egindako golarekin hartu zuen aurrea Anaitasunak Txerloian. Ander Arabaolazak area barruan borrokatutako baloiaren aldaratzea hartu zuen Soraluzek, eta ez zuen barkatu ate aurrean. Ondorengo minutuetan gol aukera gutxi sortu zituzten bi taldeek, baina, azkenean, bisitariek lortu zuen banakoa egitea lehen zatiaren hondarrean.

Atsedenalditik bueltan, gutxitan bezalako partida ikusteko aukera izan zuten futbol zelaian batutako jarraitzaileek; partida eroa jokatu zuten Anaitasunak eta Aurrerak. 58. minutuan egin zuten ondarroarrek bat eta bikoa, urruneko falta baten bitartez. Hamar minuturen barruan, ordea, beste bi gol egin zituzten kanpokoek. Hirugarren golean ez ziren behar bezala ulertu Anaitasunako jokalariak, eta Aurrerako aurrelariak aukera baliatu zuen gola egiteko. 67. minutuan egin zuten laugarrena bisitariek, areara egindako erdiraketa batean jokaldia nahastu eta baloia zuzenean sareetara joanda.

Markel Eskurtza kapitaina, Pedro Urdapilleta presidentea eta Tata. (Anaitasuna)

Ondoren iritsi zen Anaitasunaren erreakzioa. Ander Pastrianek bi gol aukera sortu zituen zelairatu eta minutu gutxira, baina Arabaolaza izan zen bi eta laukoa egin zuena 79. minutuan. Taldeko golegile nagusiak atzelarien bizkarrean hartu zuen baloia eta ate aurrean ez zuen huts egin. Handik hamar minutura, berriz, Ander Pastrianek egin zuen Anaitasunaren laugarrena. Jonma Vegak ezker hegaletik egindako erdiraketa buruz errematatu eta sareetara zuzendu zuen baloia. Neurketa luzapenean sartu zenean iritsi zen gorritxoen laugarrena. Area barruan solte gelditu zen baloia baliatu zuen berriz ere Arabaolazak, eguneko bere bigarren gola egin eta Anaitasunari puntu bat emateko.

Anaitasuna sailkapeneko zortzigarrena da orain lau punturekin. Datorren larunbatean ere etxean arituko dira Xabi Artetxeren mutilak; oraingoan, Arrigorriagako (Bizkaia) Padura futbol taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Txerloian, 17:00etan. Beheko postuetan eta bi punturekin dagoen taldearen aurka saiatuko dira gorritxoak larunbatean lortutako puntua ona egiten.

Emakumeek ere berdinketa

Euskal Ligako Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak ere puntua batu zuen asteburuan. Atzo, igandea, Eibarko Unbe zelaian jokatu zuten Eibar C taldearen aurka, eta bana egin zuten. Gola falta jaurtiketa batetik lortu zuen Anaitasunak; zelai erdia baino aurreragotik atera zuzendu zuen falta jaurtiketa Ainhoa Galarragak, eta atezainaren gainetik ate barruan sartu zuen baloia. Atsedenaldira huts eta batekoarekin iritsi ziren gorritxoak, baina 60. minutuan lehia berdintzea lortu zuten etxekoek.

Taldekide ohien aurka aritu ziren azkoitiarrak Unben; izan ere, Eibar B taldeko jokalariak dira egun Oihane Uzin zein Jone Larrañaga eta Eibar C taldekoa Jone Sudupe. Mikel Barqueroren taldea etxean arituko da datorren asteburuan. San Juan zelaian jokatuko dute larunbatean, 15:30ean, sailkapenaren erdian dagoen San Ignacio B taldearen aurka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide