Iraurgi saskibaloi klubak bi talde nagusiak aurkeztu ditu Loiolan

Nerea Uranga 2022ko urr. 1a, 13:21
Juaristi ISB eta Domusa Teknik ISB saskibaloi taldeen aurkezpena, gaur, Loiolan. (Argazkia: Nerea Uranga)

2022-2023 saskibaloi denboraldiak hastear dira Espainiako Urrezko LEB mailako Juaristi ISB eta emakumeen Challenge Ligako Domusa Teknik ISB.

Beheko mailetatik gorengo mailetara artean 23 saskibaloi talde ariko dira Iraurgi saskibaloi klubaren izenean hastear den 2022-2023 denboraldian. Gizonen eta emakumeen talde nagusiak aurkeztu ditu Azkoitiko eta Azpeitiko saskibaloi elkarteak gaur, zapatua, eguerdian Loiolan.

Espainiako emakumeen Challenge Ligan lehiatuko da sasoi berrian ere Domusa Teknik ISB. Talde horrek, gaur bertan hasiko du liga etxean Zamoraren kontra jokatuz. Partida 17:00etan da, Azkoitiko kiroldegian. Joseba Lizarralde Rubio da taldearen entrenatzaile berria.

Iraurgiko gizonen Juaristi ISB talde nagusiak Urrezko LEB ligan lehiatuko du sasoi berrian. Talde honek ere entrenatzaile berria izango du: Mikel Odriozola. Aurreko denboraldian, taldearen bigarren entrenatzaile aritu zen Iñaki Jimenezen ondoan. Juaristi ISBk datorren ostiralean, urriaren 7an, hasiko du liga. Etxean, Azpeitiko kiroldegian, jokatuko du Coruñaren kontra, 21:30ean hasita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide