Udazkeneko kultur emanaldien berri eman du udalak

Ane Olaizola 2022ko ira. 30a, 14:24

Urritik abendura bitartean zazpi kultur emanaldi eskainiko dituzte Baztartxo antzokian: Oscar Terol, Sonakay, Tributo a Mecano, Sahatsa dantza taldea... igoko dira hango agertokira, eta Sagastitarrak antzerkiaz zein Munduari itzulia 80 egunetan ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, besteak beste.

Azkoitiko Udaleko Kultura sailak urritik abendura bitarteko emanaldien berri eman du, eta jakinarazi duenez, urriaren 8tik abenduaren 22ra bitartean, zazpi ikuskizun eskainiko dituzte Baztartxo antzokian.

Hurrengo larunbatean, hilaren 8an, Oscar Terol umoregileak zabalduko udalak udazkenerako prestatu duen kultur egitaraua, eta hark Mundos Para Lelos monologo saioa eskainiko du. Urriaren 15ean, berriz, 80ko eta 90eko hamarkadan ezagun egin zen Mecano taldearen abestiak entzuteko aukera izango da, Tributo a Mecano taldearen eskutik.

Musikak antzerkiari emango dio lekukoa azaroan, eta Txalo Produkzioak taldeak ekoiztutako Sagastitarrak obra eskainiko dute Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxeberria eta Koldo Olabarri aktoreek. Hilaren 12an, ostera, Munduari itzulia 80 egunetan ikuskizuna eskainiko dute gaztetxoentzat; horrez gain, azaroaren 19an, sanandres festen atarian, Sahatsa dantza taldea, Udal Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak emanaldia eskainiko dute elkarrekin.

Abenduaren 3an, berriz, Sonakay Donostiako flamenko taldea igoko da Baztartxoko agertokira, eta abenduaren 10ean, berriz, Un poco loco ikuskizunaz gozatu ahal izango da.

Oscar Terolen eta Tributo a Mecano taldearen emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko, zortzi eta hamar eurotan, hurrenez hurren. Gainontzeko ekitaldien sarrerak datak gerturatu ahala jarriko ditu salgai udalak, baina aurrez erosi ahal izango direla jakinarazi du, www.azkoitia.eus/agenda eta www.entradium.com atarietan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide