Martxoaren 25ean egingo dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Ane Olaizola 2022ko ira. 30a, 09:42

Xeye atletismo taldeak adierazi du dagoeneko hurrengo urteko lasterketa prestatzen ari dela, eta 30. edizioa izanik, aurreko urte guztietan "bidelagun" izan diren guztiekin ospatu nahi dute antolatzaileek. Urtea amaitu baino lehen zabalduko dituzte izen-emateak.

Diego Garciaren omenezko Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiak badu 2023ko data: martxoaren 25a. Antolatzaileek eman dute jakitera 30. edizioaren probaren eguna, eta edizio borobila izanik, azaldu dute aurreko edizio guztietan "bidelagun" izan diren guztiekin ospatu nahi dutela.

Beste urte batez, World Athletics erakundearen Label Road Races zigilua izango du maratoi erdiak. Xeye taldeak adierazi duenez, dagoeneko hasi dira datorren urteko lasterketa prestatzen: "Gure izaerari eutsi nahi diogu", gaineratu dute. Antolatzaileak datozen asteetan hasiko dira lasterketaren nondik norakoak jakinarazten, eta aurreratu dute urtea amaitu baino lehen zabalduko dituztela izen-emateak.

Iaz, Maxwell Kortek eta Caroline Jebet irabazi zuten XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia; azken atleta horrek, gainera, marka berria ezarri zuen —01:07:57 denbora egin zuen—.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide