Ikusgai dago parkinson gaitzaren inguruko erakusketa Portaleburun

Anartz Izagirre 2022ko ira. 29a, 17:25

Etzi, larunbata, egingo dute Azkoitiko IV. Lasterketa Solidario Inklusiboa, eta aurten bildutako dirua parkinson gaixotasunaren ikerketara bideratuko dute. Egitasmo horren harira, erakusketa zabaldu dute gaur Portaleburu aretoan, eta hiru egunez izango da ikusgai.

Ttipi-Ttapa taldeak etzi, larunbata, egingo du Azkoitiko IV. Lasterketa Solidario Inklusiboa, eta egun horren harira, hainbat ekintza izango dira gaur eta bihar. Ttipi-Ttapa eutsi! lelopean egingo dute aurtengo lasterketa solidarioa, eta parkinson gaixotasunaren ikerketara bideratuko dute zapatuan bildutako diru guztia Ttipi-Ttapako lagunek, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuaren gaixotasun neurodegeneratiboaren alorrera, hain zuzen.

Gaixotasunaren inguruko informazioa jendartean zabaltzeko asmoz zabalduko erakusketa zabaldu dute gaur Portaleburu erakusketa aretoan, eta hiru egunez, —larunbat arratsaldera bitartean— izango da ikusteko aukera. Gaur eta bihar, 17:00etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik erakusketa, eta etzi, larunbata, 10:00etatik 20:00etara bitartean izango da ikusgai. Bertan, besteak beste, orain arte izandako lasterketetako irudiak daude ikusgai, baita edizio bakoitzeko kamisetak ere. Horrez gain, parkinson gaixotasunaren harira ondu duten ikus-entzunezko bat ere ikusgai dago erakusketan; adituek, gaitza dutenek eta zaintzaileek hitz egiten dute, besteak beste, bideoan.

Horrez gain bihar, ostirala, hitzaldia izango da. Portaleburun izango dira Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Guillermo Nuñez eta Deparkel Debabarrena Parkinson Elkarteko Nahiara Mugerza. 18:30ean hasiko da hitzaldia, eta herritar orok izango du saioa bertatik bertara jarraitzeko aukera.

Azken egunak, izena emateko

Larunbateko lasterketan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, eta horretarako mahaiak jarriko dituzte antolatzaileek aste honetan ere. Portaleburu erakustokiaren aurrean jarriko dute mahaia; 17:00etatik 19:30era egongo dira plazan gaur, osteguna. Hala eta guztiz ere, Azkoitiko Udalaren webgunean ere izena emateko aukera egongo da. Larunbatean, arratsaldean egingo dituzte lasterketak; 17:00etatik 18:00etara bitartean haurren hiru mailetako probak egingo dituzte, eta 18:00etan abiatuko da helduena.

Haurren kasuan, hiru euro ordainduta lasterketarako dortsala eta txapa jasoko dituzte. Halere, "berritasun modura", dortsalaz eta txapaz gain, kamiseta jasotzeko aukera ere izango dute haurrek zortzi euro ordainduta. Helduen lasterketan 2009. urtea baino lehen jaiotako herritarrek parte hartu ahalko dute, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute dortsala eta kamiseta aldez aurretik hartuz gero. Aldiz, lasterketarako materiala egunean bertan hartzea hamabost euro ordaindu beharko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide