Zabaldu dute XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketako izen-ematea

Andoni Elduaien 2022ko ira. 26a, 12:14
Pilota txapelketako partida bateko irudia.

Laster hasiko da XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketa, eta dagoeneko eman daiteke izena bertan. Benjaminek, alebinek eta infantilek jokatuko dituzte eskuz binakako partidak udaletxe azpiko pilotalekuan. Urriaren 3a, astelehena, izango da herri txapelketan izena emateko azken eguna. 

Zabaldu dute XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketarako izen-ematea. Oteiza pilota elkarteak antolatutako eskuz binakako pilota txapelketa herrikoian parte hartu nahi dutenek, urriaren 3, astelehena, baino lehen eman beharko dute izena Gurea pilotalekuan edo 667 50 39 18 telefonora whatsapp mezu bat bidalita. 

Neska-mutilek Kontzejupean jokatuko dituzte partida guztiak. Benjamin —2013 eta 2014 urteen artean jaiotakoak—, alebin —2011 eta 2012 urteen artean jaiotakoak— eta infantil —2009 eta 2010 urteen artean jaiotakoak— mailetako haurrek eman ahalko dute izena txapelketan. Antolatzaileek adierazi dutenez, galtza zuriekin aritu beharko dute nahitaez pilotariek. Era berean, jakinarazi dute pilota goxoarekin jokatuko dituztela partida guztiak.

Partidak astelehenetik ostegunera bitartean jokatuko dituzte, baina beharrezkoa bada, baita asteburuetan ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, ordea, partidak ez dituzte atzeratuko arrazoi garrantzitsurik ez badago tartean. Dena den, xehetasun gehiago jaso nahi duenak 667 50 39 18 telefonora deitu edo azkoitiotepilota@hotmail.com helbidera idatzi dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide