Antonio Aretxabalak zentral eolikoei buruz hitz egingo du etzi Elkargunean

Andoni Elduaien 2022ko ira. 26a, 10:11
Antonio Aretxabala. (Euskonews)

Oletan ere Ez! eolikoen aurkako taldeak antolatu du Aretxabalaren hitzadia. Zentral eolikoen gaiaz luze eta zabal arituko da hizlaria asteazkenean Elkargunean, 19:00etan hasita.

Etzi, asteazkena, hitzaldia eskainiko du Antonio Aretxabala geologoak Elkargunean. Subiranotasuna eta deszentralizazioa. Eolikoen burbuilaren marko berria izenburupean, 19:00etan hasiko da Oletan ere Ez! zentral eolikoen aurkako taldeak antolatutako saioa, eta nagusiki, eolikoen gaia mamituko du hizlariak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gaztelaniaz emango du hitzaldia Aretxabalak.

Aretxabala Zaragozako Unibertsitateko geologoa da, eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura eta Zientzia Eskolako Lurzoruen Mekanikako, Geomorfologiako eta Geoteknikako irakaslea. ICOGen (Geologoen Elkargo Ofizial Ohoretsua) Nafarroako ordezkaria ere izan zen Aretxabala. Sismikotasun historikoan eta hirietako eragin sismikoetan arreta berezia jarri du bihar Azkoitian hitz egingo duen protagonistak, betiere hiriko lurzorua sistema gisa integratuta. Era berean, hirigintzaren eta kulturaren bidez kaltea eta erresilientzia arintzeko tresnak diseinatzean ere aritu izan da. Lorcaren (Espainia) berreskuratze ahalmenaren diseinuan aktiboki parte hartu zuen. Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura eta Zientzia Eskolako Arkitektura Laborategiko zuzendari teknikoa da, eta INDERC (International Net for the Design of Earthquake-Resilient Cities) erakundearen sortzaileetako bat.

Nazioarteko eztabaida zientifikoetan parte hartzen du Aretxabalak, eta plaken barneko sismikotasuna eta jatorri zismatikoa zein diren azaldu ohi du horietan, baita sismikotasun antropogenikoa zer den eta horren ondorioak zein diren ere. Dena den, Peak oil efektua zer den, erregai fosilak erauzteko teknologia ez-konbentzionalak zein diren, baliabideen agortzea, klima aldaketa eratorria eta horrek hirietan duen inpaktua nahiz hiriak hirigintza geologikora egokitzeko bideak zein diren ere azaldu ohi du. Hainbat artikulu argitaratu ditu Aretxabalak, eta beste hainbat hitzaldi eskaintzen ditu. Nafar Ateneoko zientzietako batzordekidea da, eta Radio Euskadi irratian tarte bat ere badu. Kultura sismikoko hezitzailea ere bada lurrikarek eragindako lurraldeetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide