Euskaraldia prestatzeko mintegi irekia egingo dute larunbatean Elkargunean

Anartz Izagirre 2022ko ira. 26a, 15:00

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da Euskaraldia, eta egun horiek prestatzeko bilkura egingo dute larunbatean, urriak 1, Elkargunean. Bi orduko saioa izango da, eta edonork izango du bertan parte hartzeko aukera.

Gero eta gutxiago falta da 2022ko Euskaraldia hasteko; aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da, eta Azkoitian ere martxan dira dagoeneko prestakuntza lanak. Azkoitiko Euskara Mahaiaren izenean Maxixatzen euskara elkartea ari da antolakuntza lanetan, eta Euskaraldia prestatzeko mintegia egingo dute datorren larunbatean, urriak 1, Elkarguneko areto nagusian. Bi orduko saioa izango da, 10:30etik 12:30era bitartean, eta kaferako tarte bat ere izango da.

Edonork izango du mintegian parte hartzeko aukera, eta horretarako, aurrez izena emateko eskatu dute. Interesa dutenek 675 85 71 11 telefonora deitu beharko dute, edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora mezu bat bidali. Era berean, bilkurara joan ezin dutenek baina informazioa jaso nahi dutenek, harremanetan jartzeko modu bera izango dute. Antolatzaileen arabera, mintegia "oso dinamikoa" izango da, eta helburu nagusia "ekarpenak jaso eta lehentasunak finkatzea" izango da.

2018. urtean egin zuten Euskaraldiaren lehen edizioa, eta 2020. urtean egin zuten bigarrena. Azken edizio horretan, gainera, berrikuntza bat izan zen: entitateen parte hartzea. Antolatzaileek azkoitiarren parte hartzea areagotu nahi dute Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide