Urola ibaiaren zati bat garbitu dute gaur hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2022ko ira. 24a, 14:36

Urola Bizirik natur taldeak 10:00etarako zuen hitzordua jarria Altzibarko Anaitasuna plazan, eta dozena inguru herritar bertaratu dira. Materiala banatuta ekin diote garbiketari; Jausoro eta Altzibar lotzen dituen egurrezko zubiaren paretik Sidenor lantegiaren parera arteko zatian aritu dira hondakinak jasotzen.

Baso Biziak plataformak Euskal Herriko zenbait txokotan egindako deialdiari erantzunez, hainbat lagunek ibai garbiketa egin dute gaur goizean Azkoitian. Urola Bizirik natur taldeak 10:00etarako zuen hitzordua jarria Altzibarko Anaitasuna plazan, eta eguraldiari bizkarra emanda, dozena inguru herritar bertaratu dira.

Materiala banatuta, Urola ibaiaren zati bat garbitzeari ekin diote horiek. Hain zuzen ere, Jausoro eta Altzibar lotzen dituen egurrezko zubiaren paretik Sidenor lantegiaren parera arteko zatian aritu dira hondakinak jasotzen. Gainera, ibaiaren ondoko guneetan ere bildu dute zaborra.

Baso Biziakek gaurko egindako deialdiaren helburuak hainbat dira, eta horietako batzuk dira, herritarren artean kontzientzia zabaltzea, ingurumenaren egoera ezagutaraztea eta bilketa egin ostean tokian tokiko erakunde publikoei zein URA agentziari ardurak eskatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide