Omenaldi beroa jaso du Oinatz Bengoetxeak Kontzejupean

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 23a, 21:14

Pozik, hunkituta eta eskertuta azaldu da Leitzako txapelduna. Txulue pilota elkarteak antolatutako partidek eta ondorengo ekitaldiak jende asko erakarri dute.

Kontzejupean jokatzeko "ilusio berezia" zuen Oinatz Bengoetxeak, eta gaur bete du. Garaipenik ez du lortu lehen agerraldi horretan Leitzako txapeldunak (Xabier Andreu eta Aitor Goenaga azkoitiarrek 30-23 irabazi diete Bengoetxea VI.ari eta Jon Erasuni), baina txalo zaparrada ugari eta adin guztietako pilotazaleen miresmena eta berotasuna jaso ditu trukean.

Pelotai Eune antolatzen duen Txulue pilota elkarteak prestatutako omenaldiaren atariko bigarren partida izan da Bengoetxeak Kontzejupean jokatu duena; Oteiza pilota elkarteko Aldazabal eta Aranbarri Etxanizen eta Oteizaren kontra aritu dira lehen norgehiagokan. Amaitu bezain pronto, Oteiza elkarteko pilotari gazteenek korridorea osatu dute Kontzejupean, eguneko protagonista erditik igaro eta kantxaren erdira irten zedin. Han, Luziano Juaristi Atano X.ak jantzi dio Bengoetxeari antolatzaileek emandako txapela. Besarkada estuarekin agurtu du nafarrak azkoitiar pilotari ohia, eta haren buruan jarri du jaso berri zuen txapela. Burukoa ez da izan, ordea, Bengoetxeak Kontzejupean jaso duen opari bakarra: Carlos Arrizbalaga Xapaterok Azkoitiko pilotaren historia jasotzen duen liburuaren ale bat eman dio, eta hura ere gustura hartu du leitzarrak.

Ohorezko aurreskua dantzatu dio Aitor Sorazuk, Pello Larrañagak txistuarekin lagunduta. Jokin Landak eta Unai Izagirrek bertso bana eskaini diote, eta bertsolarien kantua lagundu ondoren, haiek utzitako mikrofonoa hartu eta esker hitzak eskaini dizkie Bengoetxeak "Azkoitiko herriari eta azkoitiar guztiei", ekitaldia amaitzeko. Kontzejupean elkartutakoetako asko udaletxeko atearen aurrean pilatu dira orduan, agur biran dabilen pilotariari sinadurak eta argazkiak eskatzeko, eta eskaera guztiei erantzuten saiatu da omendua, arratsaldea borobilduz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide