Oinatz Bengoetxea: "Ilusio berezia egiten dit Azkoitiko Kontzejupean jokatzeak"

Andoni Elduaien 2022ko ira. 23a, 09:00
Oinatz Bengoetxea, Azpeitian egin zioten omenaldian. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Txulue pilota elkarteak Oinatz Bengoetxea (Leitza, 1984) pilotaria omenduko du arratsaldean, Kontzejupean. Erasunekin batera partida ere jokatuko du leitzarrak.

Gaur, ostirala, Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.a pilotari omenduko dute Azkoitiko Kontzejupean. Duela hilabete batzuk utzi zion leitzarrak profesional mailako pilotari, eta egin duen ibilbidea aitortzeko jaialdia antolatu du Azkoitiko Txulue pilota elkarteak. 18:30ean hasita, bi pilota partida jokatuko dituzte Kontzejupean; lehen partidan, Oteiza pilota elkarteko lau pilotari arituko dira: alde batetik, Aldazabal eta Aranbarri, eta bestetik, Etxaniz eta Oteiza. Bigarren partidan, berriz, eguneko protagonista nagusiena kantxaratuko da. Bengoetxeak Jon Erasunekin osatuko du bikotea, eta Xabier Andreu eta Aitor Goenaga azkoitiarren aurka arituko dira. Partida horiek amaitu bezain laster jasoko du Bengoetxeak azkoitiarren omenaldia.

Azkoitiko Kontzejupean jokatuko duzu gaur. Prest al zaude arratsalderako?

Kontzejupean jokatzeko gogoarekin gaude. Nire ibilbideko azken txanpa honetan partida bereziak jokatu nahi ditut, eta horien artean ilusio berezia egiten zidan Azkoitiko Kontzejupean jokatzeak; izan ere, pilota munduan ezaguna da pilotaleku hori. Partida jokatzeko deia jaso baino lehen ere banuen Kontzejupe famatuan jokatzeko asmoa. Partidaren antolatzaileek Azkoitian jokatzeko deitu zidaten lehen aldian ez nuen egunik libre, eta pena hartu nuen. Gero, berriro deitu zidaten, eta hitzordua gaurko jarri genuenez, pozik. Herri txikietako partidak bereziak ari dira izaten.

Erasunekin bikotea osatuta, Xabier Andreu eta Aitor Goenaga pilotari azkoitiarren aurka jokatuko duzu. Jendea partida ikusteko gogoz dago.

Kontzejupean ordu asko sartu dituzten pilotarien aurka arituko gara, eta haien kontra aritzeko ordu asko sartu beharra dago. Badakigu Andreu eta Goenaga ordu asko igarotakoak direla Kontzejupean, eta era berean, badakigu herriko bikote onena dela. Erasunek atzetik paper ona egingo duelakoan nago, baina aurrean zailagoa ikusten dut kontua. Mugimenduak eta jokoa oso desberdinak dira, eta uste dut asko kostatuko zaidala.

"Frontoi zaila dela iruditu zait Kontzejupea, tranpaz betetakoa"

Asteartean Azkoitian izan zinen Kontzejupea bertatik bertara ikusten. Zer inpresio egin zizun frontoiak?

Kontzejupeko martxa zein zen ezagutzera joan ginen asteartean Azkoitira. Erasun entrenatzen aritu zen, eta ni ikusten. Frontoi ikaragarri zaila dela iruditu zitzaidan, tranpaz betetakoa. Oso desberdina da hor guztia, asko aldatzen da. Nahiz eta irabazteko itxaropen gutxi dugun, ahal dugun guztia egingo dugu. Halere, gozatzen eta gozarazten ahaleginduko gara.

Zu omentzearren antolatu du Azkoitiko Txulue pilota elkarteak gaurko jaialdia. Pilota elkarteen eta pilotazaleen berotasuna jasotzen jarraitzen duzu.

Bai, hala da, eta oso pozik nago. Herri txikietako jendea ondo portatzen ari da nirekin, eta gainera, jende asko ari da joaten partidak ikustera. Beste modu bateko partidak dira, ez dira txapelketakoak, eta asko ari naiz gozatzen horrela.

Lehen ere Azkoitian jokatutakoa zara. Zer oroitzapen sortzen dizkizu herriak?

Azkoitiko Gurean jokatutakoa naiz lehen. Frontoia oso dotorea da, asko gustatzen zait. Azkoitiari beti deitu izan zaio pilotaren sehaska, eta guretzat, pilotariontzat, berezia da Azkoitian jokatzea.

Zeure kasa ari zara orain pilotan. Zer moduz doakizu?

Neure kasa aritzen naiz, bai. Hala izatea nahi nuen, askatasuna izatea. Autonomoa naiz pilota munduan, eta enpresek partidak jokatzeko kontratatzen naute. Upelpelotarekin, Egursportekin eta Garferekin jokatu dut, baina neure kasa ere jokatu ditut partidak.

Duela hilabete gutxi utzi zenion profesional mailako pilotaria izateari. Sumatzen al duzu ezer faltan?

Ez dut ezeren hutsunerik sentitzen. Hasiera batean, Baiko enpresarekin kontratua luzatzeko intentzioa izan nuen arren, orain esan ahal dut azken hilabeteak askoz ere politagoak izan direla. Herri txikietako martxan aritu naiz, eta hori ez nuke orain ezergatik aldatuko. Herririk herri izan ditudan bizipenak ez nituzke aldatuko beste zazpi hilabetean lehendabiziko mailan profesionalekin batera jokatzeagatik. Asko ari naiz gozatzen, eta bukaera ezin hobea ari da izaten.

"Nire ibilbideko azken txanpa honetan partida bereziak jokatu nahi ditut"

Hango eta hemengo frontoietan jokatzen jarraitzen duzu. Horrek ere zerbait esan nahi du zure alde, ezta?

Partida asko jokatu ditut, eta beste hainbeste utzi behar izan ditut alde batera, ez nuelako egunik libre. Profesionaletan aritu nintzenean, ez nuen herri txikietan jokatzeko aukerarik izan, eta dirudienez, jendeari ilusioa egiten dio nire azken txanpan herri horietan jokatu ahal izateak. Apirilean, Mexikon eta Valentzian jokatu nuen, eta urrian berriro itzuliko naiz Valentziara. Uztailean, berriz, Kalifornian ibili nintzen, eta igandean plaza libreko partida bat jokatuko dut Ipar Euskal Herrian. Momentuz, gainera, ez dut minik hartu. Mexikon bi partida utzi nituen bertan behera zaintiratu batengatik, baina beste partida guztiak jokatu ditut. Minik ez hartzea ere bazen nire beste helburu garrantzitsuenetako bat, eta momentuz betetzen ari naizenez, pozik nago.

Datorren astean, berriz, Aizarnazabalgo festetan arituko zara.

Han Mikel Goñirekin osatuko dut bikotea. Beste partida polit bat izango da Aizarnazabalgoa, eta ilusioarekin nago han aritze- ko ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide