Duo Sahir taldeak gitarra eta biolin kontzertua eskainiko du bihar parrokian

20:00etan hasiko da gitarra eta biolin kontzertua parrokian, eta bi musikarien emanaldia ikusteko sarrera doakoa izango da.

Duo Sahir bikoteak kontzertua eskainiko du bihar, larunbata, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan, 20:00etan. Pedro Romero Vargas biolinistak eta Bernardo Garcia Huidobro gitarristak osatzen dute bikotea, eta haiek eskainitako doinuak bertatik bertara entzuteko aukera izango dute azkoitiarrek. Emanaldirako sarrera doakoa izango da.

Bikoteak hainbat obra eskainiko ditu, biolinerako eta barrokoko baxu jarraiturako sonatekin hasi, eta gaur egungo musikarekin amaituz, Piazzollaren Tangoaren Historiarekin, esaterako. Besteak beste, Pablo Sarasate, Jesus de Monasterio, Enrique Granados, Manuel de Falla, Heitor Villalobos eta Astor Piazzolla konpositoreen obrak joko dituzte.

Pedro Romero Vargas, biolinean eta biolan lizentziatua da Sevillako Musika Kontserbatorioan. Ohorezko aipamena lortu zuen bi espezialitateetan. Bi aldiz irabazi du lehen saria Sevillako Musika Kontserbatorioko Bakarlarien Lehiaketan —2010ean biolina eta 2011n 3 biola—. 2011n, berriz, lehen saria Oviedo Joven Ganbera Musikako Nazioarteko II. Lehiaketan. Orkestra-esperientzia handia du Romerok; izan ere, munduko hainbat orkestrarekin aritu da kontzertuak eskaintzen. Bernardo Garcia Huidobrok, berriz, Txileko Unibertsitateko Kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak, eta gero, Txileko Unibertsitate Katolikoko Musika Institutuan jarraitu zituen. Ikasketa ibilbide luze baten ondoren, gaur egun interpretazioan bakarrik aritzen da mundu osoan barrena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide