Bailarako ekintzaileek eska ditzakete dagoeneko Lanbideren laguntzak

Anartz Izagirre 2022ko ira. 20a, 10:23

Azpeitiko Udalak kudeatuko ditu Urola Erdiko eskaera guztiak, eta Azpeitiko udaletxean aurkeztu beharko dira eskaerak, urriaren 7a baino lehen. Bi lerro izango dira: negozio ideia bat duten ekintzaileentzako lerroa eta bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten ekintzaileena.

Urola Erdiko udalerri guztietako ekintzaileek —Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa— eska ditzakete dagoeneko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzak. Azpeitiko Udala arduratuko da guztien eskaerak kudeatzeaz, eta, beraz, Azpeitiko udaletxean aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek beren eskaerak zein proiektuak. Bi lerro izango dira laguntza horietan: batetik, negozio ideia bat duten ekintzaleentzako lerroa, eta, bestetik, bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten eta jarduera abian jartzeko azken bultzada behar duten ekintzaileei bideratutakoa. Onartutako ideien eta proiektuen tutorizazio prozesua urriaren 13an hasiko dute.

Negozio bat martxan jartzeko ideia duten ekintzaileen kasuan, bi hilabetez negozioaren azterketa lantzeko konpromisoa eskatuko zaie ekintzaileei deialdi horretan, eta adinaren eta generoaren arabera, onartutako eskaeren jabeek 1.000 eta 1.300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute. Urola Erdiko eskaera guztien artean, zortzi onuradunen proiektuak lagunduko dira diruz.

Bestalde, jarduera bat martxan jarri nahi dutenen lerroari dagokionez, hiru hilabeteko dedikazioa eskaintzeko konpromisoa eskatuko zaie eskatzaileei, baita epe hori amaitu ostean enpresa martxan jartzeko ere. Hori horrela gauzatuz gero, adinaren eta generoaren arabera, 1.500 eta 1.950 euro bitarteko laguntza jasotzeko aukera izango dute zortzi ekintzailek.

Eskaerak, Azpeitian

Interesdunek hainbat dokumentu aurkeztu beharko dituzte Azpeitiko udaletxean eskaerak izapidetzeko; hain zuzen ere, eskaera orriarekin batera errolda agiria, Lanbiden izena emanda egotearen ziurtagiria, bizitza laborala eta Ogasunean jarduera ekonomikoen zergan, azken urtean, altan egon ez direla adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

Bestalde, negozio bat martxan jartzeko ideia dutenen kasuan, proiektuaren deskribapena aurkeztu beharko dute laguntzetara aurkezten direnek; era berean, jarduera bat martxan jarri nahi dutenek bideragarritasun plana aurkeztu beharko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide