Gipuzkoako Kopako final zortzirenetara sailkatu da Tta-kun areto futbol taldea

Andoni Elduaien 2022ko ira. 19a, 16:38
Elkargunea, ostiraleko partidaren ostean. (Tta-kun)

5 eta 3 irabazi zuen Azkoitiko areto futbol taldeak Euskaldunaren aurka. Orain, Lazkao Gaur Logistika taldearen aurka jokatuko dute ostiralean final zortzirenetako kanporaketa.

Tta-kun areto futbol taldea Gipuzkoako Kopa final zortzirenetara sailkatu da. Taldeak ostiralean jokatu zuen final hamaseirenetako kanporaketa Andoaingo (Gipuzkoa) Euskalduna taldearen aurka; azkoitiarrek 5 eta 3 irabazi zuten Elkarguneko kantxan.

Atsedenaldirako guztiz bideratuta utzi zuen taldeak kanporaketa, lehen ordu erdiaren ondoren markagailuan 5 eta 2 baitzen taldea aurretik. Gipuzkoako Bigarren Mailako taldea da Tta-kun, eta Lehen Mailakoa Euskalduna taldea. Atsedenaldiaren ostean gol bat egin zuten andoaindarrek lehia estutzeko, baina azkoitiarrek ongi eutsi zioten errentari.

Hori horrela, Tta-kun taldeak lortu zuen Gipuzkoako Kopa txapelketan aurrera egitea. Final zortzirenetara sailkatuta, Lazkao Gaur Logistika taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Elkargunean datorren ostiralean, irailak 23, 22:30etik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide