Trikitilarien bilgune bihurtu da Azkoitia, I. Trikiti Egunean

Ane Olaizola 2022ko ira. 17a, 14:49

Aurreneko urtez Trikiti Egune ari dira ospatzen herrian, eta Azkoitiko zein inguruko trikitilari ugari elkartu ditu egitasmoak. Belaunaldi desberdinetako musikariek bat egin dute trikiti doinuak lau haizetara zabaltzeko, eta giro ederra sortu dute kaleetan. 

Aurreneko aldiz Trikiti Egune ari dira ospatzen Azkoitian, eta espero bezala, goizetik hasita giro aparta jarri dute egitasmoak elkartu dituen trikitilariek. Bailarak emandako fruituen erakusgarri eta bilgune izan da gaurkoa, dozenaka trikitilari zein trikitizale elkartu baititu Trikiti Egunek. Azkoitiko eta bailarako trikitilariez gain, inguruko beste hainbat musikari ere hurbildu dira gaur herrira, Trikiti Egunean parte hartzera: Tapia, Joxe Mari Motriku, Tomas Soraluze Epelde, Pilar Aristi, Elortza, Imuntzo, zabaletarrak, Aittola anaiak, aizpurutxotarrak, Lurdes Alkorta, Berastegi, Lutxurdio, izertarrak, landatarrak, Ioritz Etxebarritxo, Itzeder, Galdos, Garixe, Aintzane Agirrebeña, Jauregi... Belaunaldi desberdinetako trikitilarien topagune bihurtu da gaur Azkoitia, eta horiek lau haizetara zabaldu dituzte soinu eta pandero doinuak. 

11:30ean elkartu dira Trikiti Egunean parte hartu duten musikariak San Martin auzoan, eta argazkia ateratzearekin batera jo dituzte aurreneko piezak. Javier Zubizarreta alkatea ere han izan da, eta egitasmoa goraipatu du hark: "Bazen ordua trikitiari egun bat eskaintzeko", esan du. Alkateak gaineratu du antzematen dela trikitilariek beren zaletasuna "odolean" daramatela, eta horri esker "etorkizuna bermatuta" dagoela esan du. Izan ere, gazte ugari batu dira egitasmora, baita trikitia ikasten dabiltzan hainbat haur ere. Taldeka banatuta, herriko txokoak girotzeari ekin diote trikitilariek, eta kalean zenbiltzan herritarrek eskertu dituzte haien piezak. Bi orduz kaleak girotzen ibili ondoren, Julio Urkixon batu dira berriz guztiak, eta handik kalejira egin dute plazaraino. Han, familiako argazkia atera dute denek, bazkaritara joan aurretik. Izan ere, 15:00etan herri bazkaria izango da plazan, eta 18:30etik 21:00etara bitartean erromeria egingo dute plazan bertan. Trikiti Egune borobiltzeko, berriz, Iratzar taldeak kontzertua eskainiko du gauean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide