Entitateek eman dezakete izena Euskaraldiaren hirugarren aldian

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 18a, 15:41
Gaur aurkeztu dute Euskaraldiaren hirugarren aldia, Gasteizen. (Euskaraldia)

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldia, 'Hitzez ekiteko garaia' lelopean. Ariguneak indartzea da aurtengo helburu nagusia, eta era guztietako entitateak animatu dituzte ariketa sozialean izena ematera. Irailean zabalduko dute norbanakoen izen ematea.

Udazkenean egingo dute Euskaraldiaren hirugarren aldia, eta gaur egin dute egitasmo horren aurkezpena, Gasteizen. Belarriprest eta ahobizi rolekin batera, ariguneak izango dira ariketa sozialaren aurtengo protagonistak. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean.

2020an bezala, aurtengoan ere entitateek parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, ariguneak sortuz eta euskaraz "lasai" aritzeko guneak bermatuz. Ariguneak areagotzea da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburua, eta gaurtik aurrera, izena eman dezakete egitasmoan parte hartu nahi duten entitateek. Enpresak, erakundeak, elkarteak, fundazioak, klubak, taldeak eta era guztietako entitate antolatuak animatu dituzte Euskaraldian izena ematera.

Euskaraldian parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek ariguneek egitasmoan duten garrantzia azpimarratu dute. Haiek aipatu dutenez, aurreko edizioetako balorazioetan ikusi dute euskara erabiltzeko "gune babestuak" izateak euskararen erabilera errazten duela eta eremu horiek hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskarazko praktika linguistikoak areagotzen laguntzen dutela. Horregatik, ariguneak sortzen, hedatzen eta identifikatzen jarraitzea "lehentasuna" izango da aurtengo edizioan.

Norbanakoak, irailean

Euskaraldiaren bidez, herritarren hizkuntza praktikan aldaketak eragin nahi dituzte bultzatzaileek. Hori lortzeko, entitateei eta herritarrei proposatu diete "erronka zehatzak" ezartzeko beren buruei, horrela lortuko delako euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohituretan aldaketak gauzatzea.

Agerrialdian jakinarazi dutenez, norbanakoek irailaren 28tik aurrera izango dute ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko aukera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide