Oinatz Bengoetxeari omenaldia egingo diote Kontzejupean, ostiralean

Ane Olaizola 2022ko ira. 18a, 09:00

Pelotai Euneko lantaldeak antolatuta, eskuz binakako bi norgehiagoka jokatuko dituzte Kontzejupean. Oteiza pilota elkarteko pilotarien neurketaren ondotik, Bengoetxeak eta Erasunek Xabier Andreuren eta Goenagaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Neurketak amaitzean, omenaldia egingo diote pilotari leitzarrari.

Pelotai Euneko lantaldeak antolatuta, ez-ohiko eskuz binakako hainbat pilota partida ikusteko parada izango da datorren ostiralean, hilaren 23an, Kontzejupean. Izan ere, taldeak Oinatz Bengoetxea pilotari nafarrari omenaldia egingo dio egun horretan, eta horren aitzakian, bi pilota partidez gozatu ahal izango dute pilotazaleek udaletxe azpiko frontoian.

Oteiza pilota elkartekoek zabalduko dute saioa, eta Alazabal-Aranbarri eta Etxaniz-Oteiza bikoteek aurreneko partida jokatuko dute, 18:30ean hasita. Hura amaitutakoan hasiko da partida nagusia; Bengoetxea VI.arena, hain zuzen ere. Leitzarrak Erasun izango norgehiagokan lagun, eta horiek Xabier Andreu eta Goenaga azkoitiarrak izango dituzte aurrez aurre. Pilota partiden ondoren, berriz, Bengoetxea omentzeko ekitaldia egingo dute.

Leitzarrak joan zen otsailean utzi zion pilota profesionalean jokatzeari, baina oraindik ez ditu agurtu pilotalekuak. Izan ere, ordutik lagunarteko 70 partidatik gora jokatu ditu Euskal Herrian zein nazioartean, eta orain, Azkoitian jasoko du aitortza. Datorren urriaren 15an agurtuko du behin betiko pilota Bengoetxeak, bere jaioterrian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide