Badator trikitiaren eguna

Andoni Elduaien 2022ko ira. 15a, 13:51
Larramendi, Izer, Alberdi, Zabale, Errazu eta Vazquez, I. Trikiti Egune aurkezten. (Andoni Elduaien)

Trikitiari kalea eta kalea trikitiari emateko asmoz, herriko bi trikitilari gazteren ekimenez sortu da Azkoitiko I. Trikiti Egune. Kalejirak egingo dituzte egunaren hasieran, eta herriko plazan elkartuko dira gero bazkaltzeko. Antolatzaileek nabarmendu dute 120 lagun inguruk eman dutela bazkarirako izena, baina larunbatera bitartean txartelak eskuragarri egongo direla herriko tabernetan. Festak arratsaldean izango du jarraipena, orduan erromeria egingo baitute plazan. Gauean, berriz, Iratzar taldearekin erromeria izango da plazan bertan.

Etzi, larunbata, I. Trikiti Egune ospatuko dute Azkoitian, eta gaur eguna aurkezteko ekitaldia egin dute udaletxean. Trikigiro elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatu dute eguna, Um Blem Ble tabernarien elkarteak lagunduta, eta aurkezpenean izan dira alde guztietako ordezkariak. Udaletik, Sonia Vazquez Kultura eta Gazteria zinegotziak parte hartu du aurkezpenean; trikitilarien izenean, Ibon Errazu, Iosu Arrizabalaga Izer, Xabier Alberdi Zabale eta Aitor Alberdi trikitilariek; eta tabernarien elkartetik, Jon Ander Larramendik.

Vazquez zinegotziak hartu du hitza aurrena, eta hark azaldu du eguna antolatzeko ideia "atsegin handiz" hartu zutela udalean. "Laguntzeko prestutasun osoarekin hartu genuen proiektua. Azkoitia herri trikitizalea dela jakinda, izugarrizko eguna izango da larunbatekoa. Giro ederra egongo da, jendea kalera irteteko modukoa". Zinegotziak, halere, eskaera bat egin die egunaren sustatzaileei: "Ez dadila gelditu trikiti eguna, aurrera begira egun honi jarraipena ematea gustatuko litzaiguke eta. Behar duzuenerako gure laguntza osoa izango duzue".

I. Trikiti Egune sortzeko sugarra herriko bi trikitilari gaztek piztu zuten, Anartz Zubizarretak eta Aitor Alberdik, hain zuzen. Alberdi aurkezpenean izan da, eta hark azaldu du eguna antolatzeko bidea nola egin duten. "Iruditzen zitzaigun gazteen artean trikitirako zaletasun handia dagoela herrian. Trikitia etxean jotzeko musika tresna izatetik aparte, bada kalean jotzeko ere". Hori horrela, trikitia kalera eramateko pausoak ematen hasi zen bikotea, eta trikitiaren egun edo festa bat antolatzeko ideia garatzen hasi ziren bi lagunak. Azkoitiko Um Blem Ble taldeko Jon Ander Larramendirengana jo zuten ondoren, eta Alberdiren esanetan "hasiera-hasieratik egundoko babesa" jaso zuten. "Helburua izan da trikitilari beteranoen, irakasleen, ikasleen eta zale diren guztien artean festa bat sortu eta guztion artean trikitiaz gozatzea". Gaia Trikigiro elkartera bideratuta, eguna pixkanaka-pixkanaka itxura hartzen hasi zen gero. Errazuren esanetan, "hiru-lau bilera" egin dituzte, eta hamar-hamahiru lagun elkartu dira horietan. "Egun hau antolatzeko gogoa eta saltsa egon da taldean". 

Izer trikitilariak nabarmendu du Azkoitiak "odolean" daramala trikitia. "Azkoitian urte askotako pasarte historiko ugari daude trikitiari lotuta. Garaian garaiko soinu jotzaile on asko egon da hemen, baita irakasle onak ere. Marka sortu duten belaunaldiak izan ditugu herrian, trikitiaren mundua markatu dutenak. Euskal Herriko herri gehienak igaroko genituen honezkero Azkoitiko trikitilari guztion artean, gure nortasuna eta herritartasuna adieraziz. Herrian trikitilari on asko dago, baina horiek ez ditugu elkarrekin askotan ikusi. Horiek guztiak elkarrekin eta herrian ikustea erakargarria izango delakoan gaude, guztiak batuta ikusteak berak ematen baitio indarra. Horregatik, larunbatean gure herrian biltzea tokatzen da. Egun eder bat igarotzeko aukera izango dugu trikitia gustuko dugunok eta hura maite dugunok, izan jotzeko, entzuteko edo dantzarako".

Izerrek, Alberdik, Zabalek eta Errazuk pieza bat jo dute eguna aurkezteko. (Andoni Elduaien)

Goizetik gauera arteko egitaraua

Gazteek egindako proposamena "gustura" hartu zuen Xabier Alberdi Zabale trikitilariak ere. "Gogoarekin heldu diogu egunaren antolakuntzari; izan ere, iruditzen zaigu azkoitiarrok eta Azkoitiko trikitilariok horrelako egun bat merezi dugula". Egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu Zabalek, eta hark adierazi du festa San Martin auzoko Tintorei elkarte gastronomikoan hasiko dutela. 11:30ean, elkartean bilduko dira egunean parte hartuko duten trikitilari guztiak, eta bi orduan herria girotuz, herriko auzo eta kale guztietatik igarotzen ahaleginduko dira talde desberdinetan banatuta. Gaurko aurkezpenean ez dute zehaztu larunbatean zenbat trikitilari elkartuko diren, baina azpimarratu dute herriko trikitilariek zein ikasleek eta herritik kanpoko beste zenbaitek parte hartuko dutela. 13:30ean, berriz, Julio Urkixo etorbidean elkartuko dira trikitilari guztiak, eta handik herriko plazara kalejira handia egingo dute. Segidan, "oroimenerako geldituko den argazki erraldoia" aterako dute guztiek.

15:00etan, herri bazkaria egingo dute plazan bertan. Zabalek nabarmendu nahi izan du trikitilariez gain norbanako herritarrek ere izango dutela plazan bazkaltzeko aukera. Gaur-gaurkoz, 120 lagun inguruk erosi dute bazkarirako txartela, eta oraindik eskuratu ez dutenek, eskuragarri izango dute larunbateko bazkari ordura bitartean. Dean, Latz eta Koxka tabernetan daude salgai 25 euroren truke —paella, txerri saiheskia, postrea, edariak, kafea eta kopa eskainiko dituzte bazkaltzeko—. Errazuk jakinarazi du andremarietako herri bazkarirako paella prestatzen duten kideek prestatuko dutela larunbatean ere paella, eta Zapirain etxeko kideek txerri saiheskiak egiteko parrilla eta parrilla ekarriko dituztela.

18:30etik 21:00etara bitartean, berriz, erromeria egingo dute plazan bertan. "Bazkaltzera etorritako trikitilariek erromerian parte hartzeko aukera izango dute. Piezaren bat jo nahi duenak, berriz, libre izango du plazako agertokira igotzea". Arratsaldeko erromeriaren inguruan Errazuk adierazi du ez zutela nahi "izendatutako trikitilarien erromeria" izatea. "Herrian ikasten ari diren trikitilariek herriko trikitilari ezagunekin piezaren bat jotzea pentsatzen badute, agertokira igo eta jo egingo dute. Guztiek esperientzia hori lortzea beharrezkoa ikusten dugu". Izerrek ere uste du modu horretan "emanaldi freskoagoa" izatea lortuko dutela. "Antolatutako emanaldia itxiagoa eta serioagoa da, eta modu horretan politagoa eta umoretsuagoa izango delakoan gaude". Erromeria amaitu ondoren, 23:00etan, Iratzar taldea igoko da agertoki gainera. "Gaur egun erromeria munduan punta-puntan dabilen taldea da Iratzar", azaldu du Zabalek.

Argazki zaharrak berritzen

Azkoitiko I. Trikiti Egune iragartzeko egin duten kartelaren berri ere eman du Izerrek. Xabier Etxaniz trikitilariak egin du kartela, baina Izerrek han txertatu duten irudia izan du hizpide. Argazkia Azkoitiko Udal Artxiboko Arroitajauregi Argazki Fondotik lortu dute, eta han ikus daiteke Candido Beristain zena. "Argazkiko ardatza Candido Beristain da, herri honetan oso garrantzitsua izan den musikaria. Ez dakigu bere garaian herri honetan trikitiaren eta solfeoaren ezagutzaz bera beste zekien inor ba al zegoen. 1935. urtean Donostian egindako argazkia da, trikiti txapelketa baten ondoren ateratakoa. Beristainek irabazi zuen txapelketa hura, eta horren ondoren egindako esker oneko festa bat erakusten du. Trikitiaren munduan oso disimuluan gelditu den gizona da Beristain, baina hemengo trikitilari askori eman zion bidea hark. Aukera ona iruditu zaigu Azkoitian batu behar badugu, argazkian ikusten den batura bera erakustea". Horrez gain, argazkian ikus daiteke Marcelino Larrinaga ere, egungo trikitilariek "horren maiteak" dituzten soinu zahar askoren egilea. Larrinagak egungo trikitilarien modura eraldatu zituen soinuak, eta gaurko aurkezpenean hark egindako 22. trikitia erakutsi nahi izan dute antolatzaileek.

Dena den, Trikigirok baditu oraindik guztiz identifikatu gabeko bestelako hamaika argazki zahar eskuartean, eta Errazuk jakinarazi du irudi horietan agertzen diren pertsonak identifikatzeko lanari ekingo diotela. Hori horrela, larunbatean Kontzejupearen bueltan trikitiari lotutako argazki zaharrak jarriko dituzte, eta herritarrei eskatu diete argazkietako pertsonak identifikatzen laguntzeko. "Pertsona bakoitzari zenbaki bat jarri eta hura nor zen, zein urtetako argazkia den edo non ateratakoa den zehazteko aukera izango dute herritarrek".

Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete, batetik, udalari, emandako "baliabide, laguntza eta prestaketa guztiagatik", eta bestetik, Um Blem Ble tabernarien elkarteari, trikitiarentzat duten "begirune onagatik". Dena den, datorren urtera begira ere jarri da dagoeneko antolatzaile taldea. Aurten, trikitiaren eguna irailean egitea erabaki badute ere, datorren urtean udaberri aldean, "Aste Santua igaro ondoren edo", egitea ari dira eztabaidatzen.

Zabale, Alberdi, Vazquez, Errazu, Izer eta Larramendi, aurrean Larrinagaren 22. trikitia dutela. (Andoni Elduaien)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide