Eskola Ibiltarira joateko autobusa antolatu du Urola Erdiko IAk

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 15a, 10:00

Irailaren 30etik urriaren 1era egingo dute aurtengo Eskola Ibiltaria Anoetatik Villabonara. Hara joateko autobusak antolatu ditu Urola Erdiko Ikasle Abertzaleakek, eta dagoeneko eman daiteke izena. Eskola Ibiltariko bono orokorrak ere jarri dituzte eskuragarri Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. 

Ikasle Abertzaleak antolakundeak Eskola Ibiltaria antolatu du beste urte batez. Aurten irailaren 30etik urriaren 1era bitartean egingo dute egitasmoa Anoetatik Villabonara, eta hara joateko autobusak antolatu dituzte eskualdean, Azpeititik, Azkoititik eta Zestoatik Eskola Ibiltarira joan nahi dutenei zuzenduta. Egitasmoan parte hartzeko bonoak ere salgai daude dagoeneko. 

Autobuserako izen-ematea nahiz bonoak Azpeitiko Haginpe tabernan, Azkoitiko Dean tabernan eta Zestoako Portale tabernan jarri dituzte eskuragarri. Bono orokorra eskuratu nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dute, eta bonoa erosteaz gain joan-etorria autobusez egin nahi dutenek 22 euro. Prezio horren barruan sartu dituzte Eskola Ibiltariko otordu guztiak. Izen-ematea "lehenbailehen" egiteko eskatu dute IAko kideek, "antolakuntza lanak errazteko". 

Bi eguneko egitaraua prestatu dute IAko kideek; hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta, noski, ibilaldi bat izango dira, besteak beste. Irailaren 30ean 18:00etan izango da harrera Villabonan, eta arratsalde horretarako tailerrak eta afaria antolatu dituzte. Gauean, berriz, umore ikuskizun bat eskainiko dute Julen Portillok, Telmo Iruretak eta Pello Madariagak. Hurrengo egunean, hitzaldiei ekingo diete gosariaren ostean, eta horren ondoren hartuko dute Anoetarako bidea Villabonatik. Han egingo dituzte bazkaria eta gainontzeko ekimen guztiak; Olinpiadetan jokatzeko aukera izango da arratsaldean, ekitaldi politiko bat egingo dute 19:30ean, eta 20:00etan hasiko dira kontzertuak. Lil Mutiko, Lukiek, RPG7, AS04, Tasuri, HBikoitza eta R, Black Hobbit eta DJ Enjoy arituko dira Anoetan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide