1.500 euroko laguntza emango die udalak Minbiziaren Aurkako Elkarteari eta Ortzadarri

Anartz Izagirre 2022ko ira. 14a, 10:52
Ongizate saileko eta bi erakundeetako ordezkariak, hitzarmena sinatzen, udaletxean. (Azkoitiko Udala)

Udalak hitzarmena sinatu du mugako adimena dutenen alde lan egiten duen Ortzadar elkartearekin eta Minbiziaren Aurkako Elkartearekin. Erakundeak nabarmendu du "aitortza merezi duen lana" dela bi elkarteek egiten dutena.

Azkoitiko Udalaren dirulaguntza jasoko dute mugako adimena duten pertsonen eta sendien alde egiten duen Ostadar elkarteak eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Bi erakundeak irabazi asmorik gabekoak dira, eta 1.500 euroko laguntza jasoko dute, interes sozialeko ekimenetarako. Udalak zehaztu du laguntza hori "euren lanarekin jarraitzeko" ematen dela. Hitzarmena sinatzen izan ziren Janire Igoa udaleko Ongizate Saileko zinegotzia, Iñaki Lasa teknikaria eta bi erakundeetako ordezkariak.

Udalaren arabera, Ortzadar elkarteak 1977tik babesa, arreta eta jarraipen soziala eta psikologikoa eskaintzen dizkie mugako adimena duten eta ingurune lehiakor eta zorrotz batera egokitzea kostatzen zaien pertsonei. Horien arazoei eta beharrei erantzutea du helburu elkarteak. Minbiziaren Aurkako Elkarteak, berriz, minbizia duten pertsonekin eta familiekin egiten du lan, orientazioa eta arreta psikologikoa eta soziala eskainiz.

Ongizate Saileko ordezkariak eta Minbiziaren Aurkako Elkartekoak, hitzarmena sinatzen, udaletxean. (Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide