Elosuko mendi ganadu feria behin betiko amaitzea erabaki dute auzotarrek

Andoni Elduaien 2022ko ira. 6a, 12:00
Elosuko feria eguneko artxiboko irudi bat.

41 urtez antolatu dute feria auzoan, baina auzotarrek hala erabakita, urriaren 12an Elosuan egin ohi zuten mendi ganadu feria behin betiko amaitzea erabaki dute. "Oinordekotzaren faltak" behartuta hartu dute Elosuko auzotarrek feria behin betiko amaitzeko erabakia; izan ere, auzotarrek uste dute erakundeek landa eremuekiko "sentsibilitaterik ez" dutela eta mendi auzoetarako "politika eraginkorrak falta" direla.

Aurtengo urtetik aurrera Elosuan ez da mendi ganadu feriarik izango. Urriaren 12an, urtero, egin izan dute feria Elosuan. Sona handiko feria izan da Elosukoa Azkoitian, Bergaran eta inguruko herrietan; izan ere, salerosle, ganaduzale eta bestelako saltzaile asko elkartzen zen han. Pandemiaren eraginez bi urtez eten zena behin betiko amaitzea erabaki dute orain Elosuko auzotarrek. "Aspaldian nabaria zena iritsi da azkenean; Elosua ospetsu egin duen mendi ganadu feriaren amaiera", adierazi dute auzotarrek.

"Erabaki potoloa" dela nabarmendu du Iñigo Zubeldia Elosuko auzo alkateak. Auzotarrak behin baino gehiagotan batzartu dira gaiari buruz hitz egiteko, eta nabarmendu dute bi arrazoi nagusik bultzatuta hartu dutela feria behin betiko amaitzeko erabakia. Batetik, erakundeek landa eremuentzako "sentsibilitate eta politika eraginkorrik ez" dutela salatu dute auzotarrek, eta horren eraginez, mendi ganadu feria eta auzoa bera "akitzera eta desagertzera" kondenatuta daudela nabarmendu dute. Era berean, auzotarrek azaldu dute landa eremuak "biztanlerik gabe" gelditzen ari direla, eta hori "zerbitzu eta laguntza faltak" eragin duela uste dute. Bestetik, feriaren antolaketan lan egingo duen "oinordekotzaren falta" azpimarratu dute elosuarrek. 80-90 lagun inguru behar izaten zituzten feria egunean han lan egiteko, eta egun zaila ikusten zuten jende kopuru hori elkartzea. "Jende kopuru hori gabe ez dago zerbitzu egokirik ematerik auzora etortzen den jendeari".

Elosuko auzo alkatearen arabera, feria behin betiko amaitzea eragin duten bi arrazoiek "lotura" dute elkarren artean. "Auzoan oinordekoak egongo lirateke, baldin eta politika batzuekin auzoak ez balira hustuko. Auzoan dauden baserri hutsak sustatuz gero eta auzoan gutxieneko zerbitzuak eskainiko balira, ez litzateke oinordekotzaren arazorik egongo. Guztia herrigunera dago zentratuta egun. Landa eremuan ez dago ezer, eta gainera, ez da ikusten joera hori aldatzeko zantzurik. Erakundeek propaganda handia egiten dute, baina egun ere argi ari gara ikusten abeltzainek eta nekazariek landa eremutik bizitzeko zer nolako zailtasunak dituzten", azaldu du Zubeldiak.

Urriaren 12an, beraz, ez da izango feriarik Elosuan. Horren ordez "zerbait sinbolikoa" egitea planteatu badute ere, ezer ez antolatzea erabaki dute azkenean. "Egun tristeak" ari dira izaten auzotarrentzat eta feria bizi izan dutenentzat; izan ere, auzotarren "lan eskergak" mantendu du bizirik feria berrogeita bat urtez. Hala eta guztiz ere, feria antolatu izan den urte guztietan era batera edo bestera parte hartu eta lagundu dutenak gogoan izan dituzte auzotarrek. "Eskerrak helaraztea besterik ez zaigu geratzen ferian inoiz parte hartu izan dutenei, lanera zein eguna pasatzera etortzeko ohiturari eutsi diotenei, ferietako salerosleei, musutruk lanera etorritako boluntario guztiei, hedabideei, diruz lagundu gaituzuenoi, Hazi fundazioari, eta nola ez, Bergarako eta Azkoitiko herrikideei".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide