I. Trikiti Egune ospatuko dute irailaren 17an Azkoitian

Andoni Elduaien 2022ko ira. 5a, 12:03

Goiz eta eguerdi partean kalejirak egingo dituzte herriko kaleetan zehar, eta herriko plazan elkartuko dira gero bazkaltzeko. Arratsaldean, erromeria egingo dute plazan, eta gauean Iratzar taldearen kontzertua izango da.

Herriko zenbait trikitizalek eta trikitilarik, Trikigiro elkartearekin eta Azkoitiko Udalarekin batera eta herriko tabernarien laguntzarekin, Azkoitiko I. Trikiti Egune antolatu dute. Gaur egun ere indar handia duen musika tresnaren eguna ospatuko dute irailaren 17an, larunbata, herrian. Goizean kalejirak egingo dituzte kalean, eta bazkari herrikoiaren ondoren, erromeriak eta kontzertuak izango dira arratsalde eta gau partean.

Hain zuzen, 11:30ean helduko diote egitarauari; izan ere, San Martin auzotik herriko Alde Zaharrera hainbat kalejira egingo dituzte. Trikiti Egunean parte hartuko duten trikitilariak guztiak elkartuko dira ondoren, eta 13:30ean Julio Urkixo etorbidetik plazara kalejira handia egingo dute. Plazara iritsitakoan, gainera, argazki erraldoia aterako dute guztiek.

15:00etan, bazkaria egingo dute herriko plazan bertan. Paella, txerri sahieskia, postrea, edariak, kafea eta kopa eskainiko dituzte bertan. Bazkarian parte hartzeko, ordea, nahitaezkoa izango da bazkarirako txartela eskuratzea. Dean, Latz eta Koxka tabernetan salduko dituzte horiek 25 eurotan. Txartelak erosteko azken eguna irailaren 13a izango da.

Arratsaldean jarraituko du trikitixaren bueltan antolatutako egunak. 18:30ean, Urola bailarako trikitilariak herriko plaza nagusian jarriko duten eszenatoki gainera igoko dira, eta erromeria txikia egingo dute trikitizaleentzat. 23:00etan, berriz, Iratzar taldeak erromeria eskainiko du plazan. Antolatzaileek adierazi dutenez, gainera, trikitixari buruzko erakusketa jarriko dute Portaleburu erakustokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide