Azkoitian irabazi du Realak bere laugarren Euskal Herria Kopa

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 4a, 19:38

Donostiako taldeak 4 eta 1 irabazi dio Txerloian Alavesi. Sorkunde Garate futbolari ohia eta Ibon Orbea Anaitasunako entrenatzaile eta koordinatzaile ohia omendu dituzte finala hasi aurretik.

XII. Euskal Herria Koparen finala jokatu dute gaur Txerloian Realak eta Alavesek, eta Donostiako txuri-urdinentzat izan da garaipena: 4 eta 1 gailendu da Natalia Arroyok entrenatzen duen taldea. Laugarren aldiz irabazi du Realak Euskal Herria Kirola elkarteak antolatzen duen txapelketa; 2012an, 2019an eta 2020an irabazi zituen aurrekoak. Zelaiaren bueltan jende askorik pilatu ez den arren, Txerloiako harmailak ikuslez bete dira; eguzkiak gogor jo du, eta gerizpe bila ibili da jendea.

Finala hasi aurretik, bi azkoitiar omendu dituzte antolatzaileek, emakumeen futbolean egindako lana aitortzeko: Sorkunde Garate futbolari ohi aitzindaria, eta Anaitasunaren emakumeen koordinatzaile eta entrenatzaile izandako Ibon Orbea. Nerea Eizagirre Realaren kapitainak talde txuri-urdinaren elastiko bana oparitu die Garateri eta Orbeari, bakoitzari bere izenarekin, eta bi omenduen artean egin dute ohorezko sakea. Ikusleen txalo artean itzuli dira zelai erditik omenduak, eta partidaren amaieran itzuli dira zelaira, Eizagirreri Euskal Herria Koparen txapela janzteko.

Partidari dagokionez, jokoan ikusi dena baino alde handiagoa izan da markagailuan. Partidako lehen gola egin duen arren –Synne Jensenek 12. minutuan egin du 1 eta 0koa–, pattal eta ezinean aritu da Reala lehen zatiaren minutu gehienetan, eta gutxi iraun dio abantailak. Beroak ez zuen laguntzen, baina Alavesek itxura hobea erakutsi du. Carla Armengolek gol ikusgarria egin du 15. minutuan, eta aurreneko 45 minutuak gol aukera askorik gabe pasatu diren arren, Gasteizko taldearena izan da garbiena: 35. minutuan, zutoina jo du Armengolen jaurtiketa batek. Atsedenaldiaren aurretik  zertxo bat hobeto aritu da Reala, baina berdinketarekin joan dira aldageletera. Bigarren zatian bestelakoak izan dira gauzak. Beste gatz batekin jokatu dute Realekoek, eta golak bata bestearen atzetik etorri dira. Jensenek egin du bigarrena ere, 66. minutuan –finaleko jokalari onenaren saria jaso du–, eta bigarren zatian zelairatu diren bi jokalarik borobildu dute emaitza: Maddi Torrek egin du 3 eta 1ekoa 85. minutuan, eta Elene Vilesek 4 eta 1ekoa, 89.ean.

Realak eta Alavesek datorren asteburuan ekingo diote Espainiako Lehen Mailako ligari; Realak Atletico Madrilen kontra jokatu du lehen jardunaldian, eta Levante izango da Alavesen aurkaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide