Negozio ideiak aztertzeko formakuntza saioak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek

Ane Olaizola 2022ko ira. 2a, 08:32

Irailetik abendura bitartean, ekintzaileei zuzendutako tailerrak eskainiko ditu Iraurgi Berritzenek, horiek buruan duten negozio proiektua enpresa egitasmo bihurtzeko zer pauso eman behar dituzten jakin ditzaten. Aurreneko deialdia irailaren 12an hasiko da, eta zabalik dago izen-ematea.

Lanzituz, lan sozietateak sortuz programaren barruan, Ideiatik enpresara formakuntza saioak antolatu ditu Iraurgi Berritzen garapen agentziak datozen hilabeteetarako. Ekintzaileei zuzendutako tailerrak izango dira, eta horiek buruan duten negozio ideia edo proiektua enpresa egitasmo sortu arte eman beharreko pausuak ezagutuko dituzte saioen bidez. Horrez gain, jarraitu beharreko tramiteen, fiskalitatearen eta Gizarte Segurantzaren gaineko informazioa ere helaraziko diete. Guztira zazpi saio egingo dituzte, irailetik abendura bitartean.

Aurreneko deialdia irailaren 12an hasiko da, eta Iraurgi Berritzenek zabaldu du izen-ematea. Izena emateko zein informazio gehiagorako 688 60 12 99 telefonora deitu edo iezagirre@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatz daiteke. Hurrengo deialdiak, berriz, urrian eta azaroan irekiko direla jakinarazi du garapen agentziak.

Iraurgi Berritzenen esanetan, programaren helburua da langabetuak lan mundura sartzea, Lan Sozietateen eredua oinarri hartuta eta "ekintzailetasuna sustatuz". Europar Funts Sozialak finantzatutako programa da, eta Euskadiko Lan Sozietateen elkarteak eta Iraurgi Berritzenek parte hartzen dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide