Datozen egunetan irekiko dute Elkarguneko kirol zein aisialdi jardueretan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2022ko ira. 2a, 09:00
Udan egindako sukaldaritza lantegiko irudi bat. (Udala)

Gaur zabaldu dute Gazteria Sailak antolatutako gaztetxoentzako doako tailerretarako izen-ematea eta astelehenean ordainpeko tailerretarakoa. Abarketatxo ludotekan izena emateko epea, berriz, hilaren 12an irekiko du Gazteria Zerbitzuak. Elkargunearen helduentzako kirol jardueretarako eta aisialdiko jardueretarako izen-ematea ere datorren astelehenean zabalduko dute. Elkargunearen webgunean edo Elkargunean bertan eman beharko da izena kasu guztietan. 

Prest daude gaztetxoentzako zein helduentzako kirol zein aisialdi jarduerak. Irailetik abendura bitartean, batetik, gaztetxoentzako Trebatzen saioen doako zein ordainpeko tailerrak antolatu ditu Azkoitiko Udalaren Gazteria Sailak, baita Gazteria Zerbitzuak eskaintzen duen Abarketatxo ludoteka ere. Bestetik, helduentzat kirol jarduerak eta era askotako tailerrak antolatu ditu Elkarguneak.

Irailaren 19an, astelehena, hasiko da Abarketatxo ludotekan eta Artxamendi topalekuan ikasturte berria. Abarketatxo ludotekak hiru taldetan bereiziko ditu aurten HH4 mailatik LH6 mailara arteko ikasleak. Hain zuzen, astelehenetan eta asteazkenetan HH4 eta HH5 mailatako ikasleek joan ahalko dute ludotekara, 17:00etatik 19:00etara bitartean. LH1 eta LH3 arteko ikasleen txanda, ostera, astearteetan eta ostegunetan izango da ordu berean. Ostirala izango da, bestalde, LH4 eta LH6 arteko ikasleen eguna; 17:00etatik 20:00etara egon ahal izango dute horiek ludotekan. Abarketatxoko ekintzetan parte hartzeko, ordea, izena eman beharko da aurrez; hilaren 12an irekiko dute izen-ematea, eta interesatuek ludotekan bertan bete beharko dute izen-emate orria, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Bestalde, Artxamendi topalekuko ekintzetan parte hartu ahal izango dute DBH1 eta DBH4 mailen arteko ikasleek. Astelehenetik ostegunera bitartean, 16:30etik 19:30era artean egongo da zabalik topalekua, eta ostiraletan 16:30etik 20:00etara. Larunbatetan ere irekiko dute Artxamendi, baina urritik apirilera bitartean soilik; 16:30etik 19:30era egongo da zabalik orduan.

Trebatzen lantegiak

Gazteria Sailak Trebatzen saioen doako eta ordainpeko saioak antolatu ditu datozen lau hilabeteetarako. Doako saioen artean, honako aukera hauek daude: LH3 eta DBH4 maila arteko ikasleei zuzendutako mural marrazketa saioak; LH1 eta LH6 maila arteko ikasleentzako arteterapia eskulan saioak; LH3tik DBH2ra arteko ikasleentzako brikolaje saioak; LH3tik DBH2ra bitarteko ikasleentzako grafismo digitalaren saioak; eta LH3 eta DBH2 mailetako ikasleentzako sukaldaritza saioak. Saio horietan parte hartzeko, izena eman beharko da gaurtik hilaren 12ra bitartean Elkargunearen webgunean. Antolatzaileek adierazi dutenez, gainera, plazak mugatuak izango dira, baina gutxieneko taldeak osatu beharko dira ekintzak gauzatu ahal izateko.

Ordainpeko lantegiak ere prestatu ditu, ordea, Gazteria Sailak. LH3 eta DBH2 mailen arteko ikasleentzako Kodeka teknologia; LH3 eta DBH4 mailen arteko ikasleentzako marrazketa artistikoa; eta LH1etik LH6ra arteko ikasleentzako arteterapia lantegia. Ordainpeko lantegietan izena emateko epea datorren astelehenean, irailak 5, irekiko dute, eta zabalik egongo da hilaren 18ra arte. Elkargunearen webgunean eman beharko da izena, horretarako jarriko duten formularioan.

Kirol jarduerak eta ikastaroak

Bestalde, Elkargunean helduentzako ordainpeko kirol jarduerak eta ikastaroak prestatu dituzte ikasturteko lehen hiruhilekoan gauzatzeko. Igeriketa, aquagym, zumba, yoga, eskalada, pilates, cycling, aerobik, total trainning eta hirugarren adinekoentzako kirol jarduerak egingo dituzte aurten, multikirol eta kirol egokituko jarduerekin batera. Kirolaz gain, ordea, marrazketa, joste, argazkilaritza, sukaldaritza, mindfulness eta tapiz zein feltro ikastaroak ere eskainiko dituzte.

Irailaren 19tik abenduaren 23ra bitartean eskainiko dituzte jarduera eta ikastaro horiek guztiak. Elkarguneak jakinarazi du hilaren 5etik 11ra bitartean egongo dela jarduera horietan guztietan izena emateko aukera. Horretarako, Elkargunearen webgunean jarriko duten formularioa bete beharko da edota Elkarguneko harreran izena eman.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide