Iraurgi abesbatzak astelehenean hasiko ditu ikasturte berriko entseguak

Andoni Elduaien 2022ko abu. 31a, 12:38
Iraurgi abesbatzak parrokian eskainitako kontzertu bateko irudia. (Andoni Elduaien)

Baztartxo antzokian taldeak duen lokalean egingo du Iraurgi abesbatzak ikasturte berriko lehen entsegua. 20:30ean egingo dute saioa, eta taldera batu nahi duten herritarrei gonbidapena luzatu diete.

Iraurgi abesbatzak datorren astelehenean hasiko du ikasturte berria. Baztartxo antzokian abesbatzak duen lokalean egingo du lehen entsegua abesbatzak 20:30etik aurrera, eta taldeak gonbidapena luzatu die abesbatzan kantatzea edo gutxienez proba egitea nahi duten herritarrei. "Iraurgi abesbatzaren ateak irekita daude taldean abestu nahi duen edonorentzat", adierazi dute abesbatzako kideek.

Iñaki Maidagan arrasatearraren zuzendaritzapean, 26 lagunek osatzen dute egun Iraurgi abesbatza. Urte guztian zehar kontzertu ugari eskaini dituzte, eta urte amaierara bitartean kontzertu ugari dituzte lotuta. Urriaren 22an, kontzertua eskainiko dute Azkoitian Logroñoko Concordia Coral abesbatzarekin. Azaroaren 5ean, aldiz, Azkoitiko abesbatzak bisitatuko du Logroño, han kontzertua eskaintzeko. Azaroaren 19an, bestalde, Sahatsa dantza taldearekin eta Azkoitiko Udal Musika Bandarekin batera sanandresetako jaialdian parte hartuko du abesbatzak. Era berean, Gabonetan ere emanaldiren bat eskaintzea aurreikusten dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide