Euskarara bideratutako dirulaguntzak eskatu daitezke udalean

Andoni Elduaien 2022ko abu. 30a, 09:00
Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Euskara ikasteko eta UEUren zein EHUren udako ikastaroetarako laguntzak eska daitezke udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Azkoitiko Udalaren webgunean. Gainera, errotuluak, irudi korporatiboak, webguneak, programa informatikoak eta publizitatea euskaraz jartzeko dirulaguntzak ere emango ditu erakundeak.

2021-2022 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako laguntzak eta UEUren zein EHUren udako ikastaroetarako laguntzak eskatzeko epea zabalik da. Askotariko laguntzak eskaintzen ditu udalak urtero euskararen arloan, eta herritarrek horiek eskatzeko aukera izango dute datozen asteetan. Bi modu daude dirulaguntzen eskaerak egiteko: astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan –irailaren 12ra arte 08:00etatik 14:00etara bitartean–, edo Azkoitiko Udalaren webguneko izapideak online egiteko atalean, txartel digitalaren bidez.

Maiatzeko udalbatzarrean hala onartuta, euskara ikasteko matrikularen kostuaren %100 emango du aurten udalak, gehienezko laguntza 700 eurokoa izanik. Aldiz, autoikaskuntza edo Internet bidezko ikastaroak egin dituzten herritarrek, gehienez 950 euroko dirulaguntza eskuratu ahal izango dute. Barnetegiko ikastaroen matrikula, jatordua nahiz egoitza gastuak ere ordainduko ditu udalak, eta eskatzaile horiek 1.300 euroko laguntza eskuratu ahal izango dute gehienez. Urtero euskara ikasi nahi duten eskatzaileentzako gehienezko laguntza, berriz, 1.920 eurokoa izango da.

Bestalde, UEUren eta EHUren udako ikastaroan matrikula egiteko laguntzak ere emango ditu erakundeak: ikasleek, langabetuek, erretiratuek nahiz pentsiodunek matrikularen zenbatekoaren %75 jaso ahal izango dute, eta %25 lanean ari diren herritarrek. Dena den, udalak zehaztu duenez, dirulaguntza ez da 150 eurotik gorakoa izango. Laguntza horiez gain, errotuluak, irudi korporatiboak, webguneak, programa informatikoak eta publizitatea euskaraz jartzeko dirulaguntzak ere emango dituzte.

Euskara ikasteko (2021-2022 ikasturtea) eta uda ikastaroetako (2022 urtea) eskaera irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da. Halaber, aurtengo urrian hasi eta 2023ko ekainean bukatuko den 2022-2023 ikasturteko euskara ikastaroen matrikula ordaintzeko erraztasuna eskatzeko azken eguna urriaren 14a izango da. Bestelako eskaerak aurkezteko azken eguna, ostera, urriaren 31 izango da.   

Laguntza horien inguruko zenbatekoak, baldintzak eta gainerako informazio guztia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako dokumentuan irakur daitezke.           

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide