Euriak ez du zapuztu kuadrillen eguna

Julene Frantzesena 2022ko abu. 18a, 15:19

Euria ez da jaia zapuzteko aitzakia izan, eta ohitura denez, herritarrak koloretako alkandorak nahiz kamisetak soinean jantzita atera dira kalera. Goizean atletismo erakustaldia eta Azkoitiko Milia proba izan dira, eta eguerdian, berriz, herri bazkaria. Azoka Plazan eta plazako aterpeetan egin dute otordua 1.400 bat lagunek.

Azken txanpan dira aurtengo andremariak. Lau festa egun pasatu badira ere, herritarrek indarrak gorde dituzte gaurkorako, eta nabari zitekeen hori kalean. Izan ere, kuadrillen eguna da gaur Azkoitian. Euria ez da jaia zapuzteko aitzakia izan, eta ohitura denez, herritarrak koloretako alkandorak nahiz kamisetak soinean jantzita atera dira kalera.

Goizean, Xeye taldeak antolatuta, atletismo erakustaldia izan da Balda plazan. Aurtengoa hitzordu horren hemeretzigarren edizioa izan da, eta herritar ugari izan dira askotariko kirol modalitateak ikusten. Ondoren, 13:00etan, Azkoitiko Milia probaren XX. edizioan parte hartu dute hainbat lagunek, eta Bingen Aranbarri eta Aiora Altuna nagusitu dira. Gainera, txosnagunean kuadrillen arteko jolasak egin dituzte, eta Kutre kuadrilla nagusitu da, hainbat proba egin ostean.

Ordurako bazen jendea kalean; batez ere, aterpeetan eta tabernetan. Gainera, Kontzejupean, hainbat lagun ari ziren eguerdiko herri bazkarirako paella prestatzen. Mimoz aritu dira boluntarioak horretan, kiloka arroz eta osagai prestatzen, eguerdian 1.400 lagunek otordua izan zezaten. Eguraldiak baldintzatu du, baina, aurtengoan bazkaria, eta plazan egin beharrean, Azoka Plazan nahiz plazako aterpeetan bazkaldu dute herritarrek. Ondoren, Perkulights batukada izan da kaleko giroa alaitzen. Azkoitiko Udalaren honako bideo honetan ikus daiteke Brinkadeira batukadaren emanaldi zati bat:

Batukadaz gain, zezenak izan dira arratsaldean. Plaza Berrian izan dute herritarrek zezena ikusteko eta haren aurrean ibiltzeko aukera. Datozen orduetan ere izango dira ekitaldiak; besteak beste, mariatxiak eta suzko zezena izango dira jaiak bukatu bitartean.

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Azkoitiko Udala)

Hona hemen datozen orduetako egitaraua:

18:30. Pintxo potea eta otarrearen zozketa, txosnagunean.

22:00. Mariachi Imperial taldearekin dantzaldia, herriko plazan.

00:00. Suzko zezena, herriko plazan.

00:15. Perkulights batukada taldea, herrikokaleetan.

01:00. Errege Sound Systemen emanaldia, txosnagunean.

23:00-02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta.

23:00-02:00. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide