Udalak 470.000 euro bideratuko ditu eguneko zentroa herrigunera lekualdatzera

Julene Frantzesena 2022ko abu. 12a, 11:04
San Jose egoitza.

Erakundeak azaldu duenez, lokal berria erosteko baliatuko du diru kopuru hori. Udalak kreditu aldaketa gauzatu beharko du, diru partida hori ez zuelako aurreikusita aurtengo aurrekontu orokorretan. Etzi egingo dute horretarako udalbatzarra.

Azkoitiko Udalak 470.000 euroko diru partida bideratuko du egun San Jose egoitzan kokatuta dagoen eguneko zentroa herrigunera lekualdatzera. Erakundeak azaldu duenez, lokal berria erosteko baliatuko du diru kopuru hori.

Dena den, zenbatekoa zehaztu badute ere, udalak kreditu aldaketa gauzatu beharko du, diru partida hori ez zuelako aurreikusita aurtengo aurrekontu orokorretan. Horrenbestez, etzi, Andremari bezpera, ezohiko udalbatzarra egingo dute, kreditu aldaketa onartzeko. Behin kreditu aldaketa eginda, udalak lizitaziora aterako du eguneko zentroaren zerbitzua emateko lege baldintzak beteko dituen lokalaren erosketa.

Akordioan jaso dutenez, Aldundiak ordainduko du lokalaren erosketaren %65, eta foru erakundeak berak egingo ditu lokala egokitzeko obrak.

Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean iragarri zuten San Jose egoitza egokitzeko hitzarmena gauzatu zutela eta horretarako 3,6 milioi euroko inbertsioa gauzatuko zutela. Hain zuzen ere, hitzarmen horren pean sartzen da, besteak beste, eguneko zentroaren lekualdaketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide