Azkoitia berriaren sorrera XIV. eta XV. mendeetan

Juan Bautista Mendizabal (Azkoitiko kronista ofiziala) 2022ko abu. 9a, 09:28

Honako hau Juan Bautista Mendizabal herriko kronista ofizialak Andremari jaietako programarako idatzitako artikulua da.

Iraurgi bailaran gaude. Haren izena ageri da gorderik dauzkagun paperik zaharrenen artean. Baldatarrak eta haien senideak nahi bezala zebiltzan gure lurraldean, oinaztarrekin eta loiolatarrekin batera. Leinu haiek bihurtu ziren nagusi gure ingurumariotan. Botere eta kontrol goseak aurrez aurre ipinitako familiak. Ahaltsu haiek bi bandoetako baten alde egitera behartu zituzten bertako biztanleak: dela ganboatarren alde, dela oinaztarren alde, segun eta jaun baten edo bestearen mende zeuden.

Ez dezagun pentsa, ordea, haranaren ekialdean oinaztarrak zirela nagusi erabat, eta mendebaldean, berriz, ganboatarrak. Berez gehienbat hala izan bazen ere, artean nahiko sakabanatuta bizi ziren haraneko biztanleak, eta konfrontazio hura gehiago bizi zuten biztanle gehixeagoko nukleoetan; hau da, gerora Azkoitia eta Azpeitia sortu ziren biztanleguneetan. Errege ordezkari batek 1319ko otsailean emandako epaiarekin bat, absolbitu egin ziren zenbait azkoitiar, zeinei oinaztarrekin jardun izana leporatzen baitzitzaien Baldako Santa Maria monasterioa erretzen, bai eta Baldako jauna, haren semea eta orube hartako beste zenbait senitarteko hiltzen ere. Horixe da udal artxibategian gure hiribilduari buruz topatu dugun lehen pasartea.

Gipuzkoa barnealdeko lurraldea kontrolatzeko bandalismo eta beligerantzia garai ilun haien ondoren –eta errege etxearen laguntza izan zuten horretarako–, aldatzeko garaia iritsi zen. Europak urteak zeramatzan hiribilduak sortzeko politikarekin, eta XII. mendearekin etorri zen gureen hasiera. Agintean zeuden errege etxeen estrategia ez zen jada lurraldeak gero eta jaun boteretsuagoen bidez menperatzea, baizik eta hiribilduetako jendeak leialtasuna zin egitea, trukean ematen zitzaizkien pribilegioak onetsi ondotik. Halaxe amaitu zen aldi hura, eta testuinguru hartan egin zieten aurre Azkoitiak eta Azpeitiak ahaide nagusien azken erronkei. Hiribilduen batasunaren eta errege etxeak Gipuzkoako herrien ermandadeari benetako babesa eman izanaren ondorioz, udalerrien boterea gailendu zitzaien ahaide nagusiei. Harekin etorri zen eraldaketaren hasiera: botere ia feudaletik eredu burgesago baterako bidea.

Giro hartan sortu zen Azkoitia, eta, horregatik, 700. urteurrenera hurbiltzen ari garen honetan, interesgarria da inguruabar haiei erreferentzia egitea. Alfontso XI.a Gaztelakoak 1324an emandako errege gutunari esker sortu zenetik, ausartzen naiz esatera ibilbide zaileko proiektua izan zela. Azkoitia sortu bezain pronto, jaun bandokideek armak hartu zituzten. Handik berehalaxe hasi zen izurri beltzaren pandemia izugarria zabaltzen, eta depresiok hartu zituen bazterrak. Hori horrela, San Martin de Azkoitia de Iraurgiko herritarrek, hiribildua sortu eta zazpi urtera, San Martin muinotik beste ertzean erositako ibarrera eramateko eskatu zioten erregeari, Baldatik gertuago –gaur egun Plazaberri izenez ezagutzen dugun tokira–, Miranda de Iraurgi izenarekin. Eskaeran argudiatzen zutenez, ezin ziren bizi San Martin alde hartan, inguruko eskualdeetako zaldun boteretsuek helarazitako hamaikatxo gaitzengatik.

Aldaketa haiek gorabehera, hiribilduaren historiak jaunen boterearen mende jarraitu zuten mende batez baino gehiagoz, baita Saiazko Alkatetza Nagusiren injerentziaren pean ere. Alkatetza hark Gipuzkoako erdialdeko lurralde zehaztugabe bat biltzen zuen, hasi Errezil, Azkoitia eta Azpeititik, harik eta kostalderaino iritsi arte, eta ziurrenik Nafarroak eremu horretan zuen gobernuordetzaren hondarra zen.

Alabaina, 1413an elkartu ziren azkoitiarrak, eta herri bat eratzeko balioen gainean diseinatu zuten Azkoitia berria. Batez ere, beharrezko lurralde eta jurisdikzio batasunarekin ekin nahi zioten bizitzari. Hala, bertako bizilagunek –hala harresien barruan bizi zirenek, nola harresietatik hurbilago eta urrunago bizi zirenek– beraiek aukeratutako alkate bakar bati men egiteko konpromisoa hartu zuten, behin betiko, hiribildu baten eskubide eta betebehar komunekin, hala nola defentsa, merkataritza, lurralde kontrola eta abar. Haiek hasi ziren 1484an gure udal ordenantzak idazten, eta haiek markatu zuten aro haren amaiera.

Miranda de Iraurgik hartu zion lekukoa Beidazar muinoko San Martin de Iraurgin eraturiko garai bateko hiribilduari, eta, handik aurrera, Azkoitia izenez egingo da ezagun.

Herri hartan, lurrak edo orubeak banatu ziren harresien barruan etxeak eraikitzeko. Eta halaxe sortu zen almendra itxurako gune txiki bat, gaur egungo Plazaberri aldea. Hiru etxe ilara, sartzeko bi portalerekin. Bata, Errezil etxearen parean, zeinak zubi txiki bat baitu Izarraizko maldetan behera eta Baldatik barrena iristen diren uren gainean, eta bestea, berriz, Etxe Beltzari eta San Sebastian ospitale eta kaperari atxikita. Herri hura Zubieta edo Iribe etxe sarrerako intxaurrondoen azpian elkartzen zen garai hartan, antolaketa kontuez eztabaidatzeko –gaur egun Irizar deitzen zaio–. Santa Maria Baldakoaren parrokia gaur egun hilerria dagoen muinoan zegoen. 1400. urte inguru hartan hasi zen hiribildua errebaletarantz hazten, garai hartako errepideei –hau da, errege-bideei– jarraituz. Eta halaxe hartu zuen nolabaiteko kale-herri tasuna. Azpeitia aldera, beheko errebala; Goierri aldera, Guardiako errebala; eta Bergara eta Elgoibar aldera, berriz, Bastarrika eta Iparkaleko errebalak.

Azkoitia hark nekazaritzan, abeltzaintzan eta burdinan oinarritutako ekonomiarekin egingo du aurrera, bai eta merkataritzarekin ere, Zestoa, Deba edo Getaria aldeko portuen bidez. Eragin ekonomiko eta sozial handiko familia dinastia berriak haziko dira, gure maiorazko bereziagatik. Eta haiek esku hartuko dute, 1500. urtetik aurrera, aro modernoa diseinatuko duten politiketan. Geratzen zaigu, beraz, zer idatzi eta zer ikertu.

Ondo pasau andramaixek!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide