Pakistandarren komunitateko kideek giro ederrean ekin diote Azkoitiko III. Boleibol Txapelketari

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 6a, 18:15

Txapelketaren lehen jardunaldia jokatu dute gaur Azkoitiko, Arrasateko eta Aguraingo taldeek Xabier Munibeko frontoian. 14:00etan hasi dira partidekin, eta guztiek guztien aurka jokatu dute. Bihar amaituko da txapelketa, eta orduan egingo dute sari banaketa. Azkoitiko taldeak irabazi zuen II. Boleibol Txapelketa, eta aurten ere "irabazter" doazela adierazi dute gaurko partidak jokatu bitartean. 

Pakistandarren komunitateko kideek gaur, larunbata, ekin diote Azkoitiko III. Boleibol Txapelketari, eta giro ederrean igaro dute lehen jardunaldia.  Xabier Munibe Ikastolako pilotalekuan elkartu dira txapelketan parte hartu duten lau taldeak. Hain zuzen, Azkoitiko bi talde eta Arrasateko (Gipuzkoa) eta Aguraingo (Araba) talde bana aritu dira nor baino nor, haien tradizio den boleibol modalitatean. 14:00ak aldera hasi da txapelketa, eta talde guztiek elkarren aurka jokatu dute gaurkoan, hau da, guztiek guztien aurka. Kirolaz gozatu ez ezik, elkartzeko eta elkarrekin egoteko aprobetxatu dute hitzordua, eta giro paregabean igaro dute arratsaldea.

Bihar, igandez, jokatuko dute txapelketaren bigarren jardunaldia, eta azken partidak amaitzean sari banaketa egingo dute. Azkoitiko Udako ordezkariek banatuko dizkiote sariak talde txapeldunari, txapeldunordeari eta txapelketako jokalari onenari. 

Azkoitiko II. Boleibol Txapelketa herriko taldeak irabazi zuen, eta aurten txapeldunaren tituluari eustea nahi dute. Azken asteetan asko entrenatu dutela azaldu dute Azkoitiko taldeko kideek, eta gaurko jardunaldian ondo moldatu dira. "Aurten ere irabaztera goaz; ea lortzen dugun", adierazi dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide