Kalean da andremarietako jai egitaraua

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 5a, 12:02
Plaza jendez beteta, 2019ko andremarietako txupinazorako. Bi urteren ondoren, berriro ospatuko dute ekitaldi hori azkoitiarrek abuztuaren 14an. (Julene Frantzesena)

Udala atzo hasi zen egitarauren liburuxka etxez etxe banatzen, eta gaur eta bihar artean banatuko dituzte guztiak. Abuztuaren 14tik 18ra egingo dira, ohi bezala, festak. Gainera, hilaren 20an eta 22an XII. Diva-Sat idi dema saria jokatuko dute Gureako probalekuan.

Andre Mari festetako egitaraua labetik atera berri du Azkoitiko Udalak. Atzo hasi zen egitarauren liburuxka etxez etxe banatzen, eta gaur eta bihar artean banatuko dituzte guztiak.

Bi urteko hutsunea eta gero, ohiko egunetan itzuliko dira andremariak Azkoitira, abuztuaren 14tik 18ra. Gainera, hilaren 20an eta 22an XII. Diva-Sat idi dema saria jokatuko dute Gureako probalekuan; horiek ere sartu ditu udalak jaietako egitarauan.

Jaietako egitarauan "adin eta gustu guztietara egokitutako proposamenak" aurki daitezkeela dio udalak. "Dibertitzera eta ondo pasatzera animatu" ditu herritarrak erakundeak, "beti ere, errespetuz, eta norbera eta ondokoak zainduz".

Andre Maria egunaren bezperan, hilaren 14an, eguerdiko txupinazoarekin hasiko dira aurten ere festak; azken bi urteetan festak ospatzea eragotzi duen COVID-19aren pandemian lagundu duten zein hil diren herritarrak gogora ekarriko dituzte andremarien hasierako ekitaldi horretan, eta Javier Azpitartek botako du txupinazoa, herriko pertsona nagusien ordezkari gisa.

Hortik aurrera, bost egunez askotariko ekintzak eta hitzorduak hartuko ditu Azkoitiak. Musikak, nola ez, pisu berezia izango du festetan; besteak beste, Bulego eta En Tol Sarmiento taldeek joko dute andremarietan. Zenbait ekintzatan parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago; horrela, jaien azken eguneko herri bazkarirako txartelak erosteko epea luzatu egin du udalak, eta datorren astelehena arte dago bazkarirako tokia hartzeko aukera. Hilaren 16an Sahatsakoekin batera plaza dantzetan parte hartu nahi duten herritarrei, berriz, dei egin diete hilaren 10ean Baztartxo antzokiko Sahatsakoen lokalean egingo den entsegura.

Azkoitiarrek egunotan jasoko duten jaietako egitarauaz gain, Gazte Asanbladak antolatutako ekintzekin osatuko dira datozen andremariak. Herenegun egin zuten festak antolatzeko azken bilera gazte asanbladakoek, eta datozen egunetan emango dute beren egitarauaren berri.

Egitaraua

Hau da Azkoitiko Udala etxez etxe banatzen ari den egitarauaren edukia:

Abuztuaren 13a, zapatua

11:00. Martirietara Igoera, Herriko plazatik abiatuta. Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak antolatuta. Izen-ematea (doan): egunean bertan, 10:00etatik 10:45era, herriko plazan.

Abuztuaren 14a, igandea

12:00. Andremarien hasierako txupinazoa botako dute udaletxetik, Udal Musika Bandak Ondo pasau Andramaixek jotzen duen bitartean. Ondoren, bandaren, Parrokiako abesbatzaren eta Iraurgi abesbatzaren laguntzarekin, Azkoitia abestuko dute. Jarraian, Eltziegoko dultzaineroek Kandido joko dute.

12:30. Azkoitiko, Hondarribiko, Txantreako eta Buztintxuriko erraldoien eta buruhandien kalejira.

17:00. Haur parkea Balda plazan (puzgarriak, gazteluak…).

19:30. Rockalean musika kale ikuskizuna.

19:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinuaren doinupean.

20:00. Herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria abestuko dituzte parrokian, zazpi eta bost ahotsetara, hurrenez hurren.

23:00. Bulego taldearen kontzertua, herriko plazan.

23:00-02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta.

23:00-02:00. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.

Abuztuaren 15a, astelehena

09:30. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.

10:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejirak.

10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinuaren doinupean.

11:00. Meza nagusian, herritarrek abestuko dituzte: Miguel Mª Azpiazuren Pakea Lurrean eta Agur Maria; Aita Nemesio Otañoren O Sacrum convivium; eta F. Gorritiren Agur Jesusen Ama. Organoan: Jose Luis Frantsesena. Zuzendaria: Carlos Muñoz.

12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Eltziegoko dultzaineroekin.

13:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.

17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Masters Caixabank Txapelketa.

  • Alberdi-Eskiroz vs Egiguren V.a-Bikuña
  • Laso-Martija vs Altuna III.a-Imaz.

17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.

18:30. Freestyle Street Show kale ikuskizuna, Balda plazan.

19:30. The McKensy's Clan Band kale ikuskizuna.

20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, eliza atarian.

20:00. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.

22:00. Film Laburren X. Lehiaketako lanen aurkezpena eta sari banaketa. Aurtengo gaia: Gezurra. Herriko plazan.

23:45. Egan taldearekin dantzaldia, herriko plazan.

Abuztuaren 16a, asteartea

09:30. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.

10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.

10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinuaren doinupean.

11:00. Meza nagusian, herriko eliz gizon eta emakumeak partaide direla, Parrokiako abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak abestuko dituzte: Pedro Jose Peñagarikanoren Euskaldunen Meza, bost ahotsetara; Karl Jenkinsen Ave Verum, lau ahotsetara; Peñaflorida kondearen Aita Gurea; Haëndelen Poz abestia; eta Urrategiko Ama Birjinari Agurra. Organoan: Jose Luis Frantsesena. Zuzendaria: Carlos Muñoz.

12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira.

12:15. Aurreskua, herriko plazan.

13:00. Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko dultzaineroen kontzertua, Kontzejupean.

17:00. Gazteentzako jolas dinamikoak, Balda plazan.

17:00. Adabaki ikuskizuna, eliz atarian.

19:00. Plaza dantzak, Sahatsa dantza taldearen eta herritarren partaidetzarekin, eliz atarian. Entsegua egingo da abuztuaren 10ean, 20:00etan, Baztartxo antzokiko Sahatsaren. Entsegurako izena emateko 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu behar da. Abuztuaren 16an ere, saioa baino ordu erdi lehenago, entsegua egingo da parrokia aurrean.

23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.

23:30. En Tol Sarmiento taldearen kontzertua, herriko plazan.

23:00-02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta.

23:00-02:00. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.

Abuztuaren 17a, asteazkena

09:00-10:00. Azkoitiko Kultur Elkartearen XXXIX. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan. Lanak 14:00etatik 15:00etara bitartean jasoko dituzte toki berean.

09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.

09:30. Herriko ganadu erakusketa, Plazaberrin.

11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.

12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.

12:00. Herri kirol jaialdia, herriko plazan. Aurkezlea: Juanjo Sagastibeltza. Aizkolariak: Txikia IV.a, Otaño, Larrañaga, Eloy eta Ugaitz Mugertza. Harri-jasotzaileak: Goenatxol III.a, Eizmendi eta Udane Ostolaza.

12:30. Jubilatuen meza, parrokian.

14:30. Jubilatuen bazkaria, Kiruri jatetxean. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.

17:30. Txiki Chef eta jolasak: skate eta 1 Formula simuladoreak. Herriko plazan.

18:00. Dantzari Bikote Helduen Txapelketa, Balda plazan.

19:30. XXXIX. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.

22:00. Fan&Go taldearekin erromeria, Balda plazan.

23:00. Suzko zezena, Balda plazan. Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuaren 18a, osteguna

11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XIX. Andramaixetako Milia eta XVIII. Kale atletismo erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.

14:30. Bazkari herrikoia, herriko plazan.

16:30. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.

17:30. Apar festa eta ur jolasak, Balda plazan.

18:30. Zezenak, Plazaberrin.

22:00. Mariachi Imperial taldearekin dantzaldia, herriko plazan.

00:00. Suzko zezena, herriko plazan.

00:15. Perkulights batukada taldea, herrikokaleetan.

23:00-02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta.

23:00-02:00. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.

Abuztuaren 20a, zapatua

22:00. XII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.

Abuztuaren 22a, astelehena

22:00. XII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide