Naiara Romatet: "Urbiako Fondaren betiko xarmari eusten saiatuko gara"

Ihintza Elustondo 2022ko abu. 5a, 08:45
Peio Bilbao eta Naiara Romatet, Urbiako Fondan. (Utzitakoa)

Maiatzaz geroztik itxita egon ostean, duela gutxi zabaldu dute berriro Urbiako Fonda. Kudeatzaile berriak ditu guneak: Naiara Romatet azkoitiarra eta Peio Bilbao elgetarra.

Azkoitia utzi, eta Elgetako (Gipuzkoa) baserri batera joan zen bizitzera Naiara Romatet (Azkoitia, 1995) duela hiru urte. Orain, beste erronka bati heldu dio: Urbiako Fondaren kudeatzaile berria da, Peio Bilbao senarrarekin batera. Aurreko kudeatzaileek 25 urtez izan zuten fondaren ardura, baina haiek segi ezin zutela eta, bikoteak hartu du lekukoa. "Abentura berria izango da", dio Romatetek.

Nolatan iritsi da azkoitiar bat Aizkorriren magalera?

Leku oso polita da Urbia. Orain Elgetan bizi naiz, eta askotan joan ohi gara hara. Elgetatik Azkoititik baino gertuago dago Urbia, eta inguruan badago hara joateko ohitura. Irratian entzun genuen fonda itxita zegoela eta jendea behar zutela kudeatzeko, eta zera pentsatu genuen: «Informatuko al gara?». Aukera bat zen, ez baitaude halako taberna asko inguruan. Halako aukera asko ez genituela izango pentsatuta, animatu egin ginen.

Norekin jarri zineten harremanetan?

Zegamako Udalak kudeatu zuen lehenengo deia, baina tratu guztia aurreko jabeekin egin dugu guk. Fonda partzuergoarena da, baina kudeaketa pribatua da momentuz.

Zuetaz aparte, jende gehiagok ere agertu zuen interesa...

Jende askok agertu zuen interesa, baina aldaketa ahalik eta azkarren egitea nahi zuten, fonda San Inazio egunerako irekita egon ahal izateko; orduan izaten dira Urbiako festak. Guk jabego aldaketa azkar egiteko aukera ematen genuen; izan ere, biok autonomoak gara, eta ez geneukan autonomoetan alta eman eta paper kontu dena egin beharrik.

Zertan lan egiten duzue?

Ni ingeniaria naiz, eta Peiok Basatxerri txerriak ditu baserrian. Lan handia da baserrikoa, baina polita ere bai.

Zuretzako aldaketa handia izango da, beraz, fondan lan egitea, ezta?

Niretzako gauza berria da, bai, aurrez sekula ez baitut tabernan lanik egin. Peio tabernan lan egindakoa da, koinata ere bai, eta ni gehiago arduratuko naiz kudeaketaz; hori bai, ahal dudanean laguntzen saiatuko naiz.

Peio eta biok bakarrik moldatuko al zarete fondaren martxarekin jarraitzeko?

Jende gehiago daukagu laguntzen: familia, lagunak, baten batzuk kontratatzen ere ari gara... Uda sasoirako beharrezkoa izango dugu horien laguntza.

Fondaren ardura hartuta, hara lekualdatu al zarete bizitzera?

Erdizka. Pixka bat transhumantzian bizi beharko dugu. Azaroaren 1era arte, egunero egongo da irekita fonda, eta ordutik aurrera, asteburuetan eta jaiegunetan bakarrik. Udan, egunero lan egingo dugunez, Urbian egongo gara, eta neguan, baserrira itzuliko gara.

Aurreko kudeatzaileek 25 urte eman dituzte Urbiako Fondan, eta haien bideari jarraitzea da zuen asmoa, ezta?

Bai, eta egia esan, asko ari zaizkigu laguntzen haiek. Saninazioetan jende asko bertaratu zen Urbiara, eta ondoan izan genituen aurreko kudeatzaileak; asko eskertzen dugu hori. Gainera, gure lagun asko ere joan ziren laguntzera. Azkenean, laguntza dena behar izan dugu.

Zer moduz joan zen San Inazio eguna? Jendeak harrera ona egin al dizue?

Jendeak asko eskertu du fonda berriro ireki izana. Harrera ona izan du irekierak, jendea ilusioz dago, eta orain, ea aurrekoen mailari eustea lortzen dugun.

Aurreko arduradunen bideari eutsi nahi diezuen arren, berrikuntza batzuk txertatuko dituzue.

Bai, Basatxerri produktuak txertatuko ditugu zerbitzuan. Guk Basatxerri txerriekin lan egiten dugu, eta badakigu horiek bizi ona izan dutela eta kalitatezko haragia ematen dutela. Bestelako haragia bertako harakin bati hartzen diogu, sagar zukua ere Elgoibarko [Gipuzkoa] gazte batzuei erosten diegu... Produktuak inguruko jendeari eta ekoizle gazteei hartzen saiatzen gara, haiei bultzada ematea ere garrantzitsua baita. Aldaketa txiki batzuk kenduta, gainontzeko guztia mantendu egingo dugu. Aurrekoei ondo joan zaie, eta ez dugu nahi aldaketa handirik egitea. Urbiako Fondaren betiko xarmari eusten saiatuko gara. Dekorazioari dagokionez ere, aurreko familien historia, argazkiak eta abar zeuden paretetan, eta dena mantendu nahi izan dugu. Kudeatzaile berriak gara, baina mantendu egin behar da fondaren historia.

Nola sentitzen zara erronka berriaren aurrean?

Ilusio handiarekin. Saninazioak iritsi aurretik oso urduri nengoen, baina orain, lasaiago nago, eta ea eguneroko kudeaketarekin ondo moldatzen garen.

Astean zehar ingeniaritza lanak egiten jarraituko duzu, eta asteburuetan fondan egongo zara. Ez al zaizu gogorra egingo bi arloak uztartzea?

Bai, gogorra izango da, baina uste dut mereziko duela. Uda izango da gogorrena, baina gero negua etorriko da, eta arratsaldeko seirak iristean, jende gutxirekin, Urbia bezalako leku batean egotea... ederra izango da.

Mendizalea al zara? Edo ez bereziki?

Mendian ibiltzea gustatzen zait, baina ez dut esango sekulako kirolaria naizenik [barreak]. Dena dela, mendia, natura, animaliak... asko gustatzen zaizkit. Zerbaitegatik joan naiz kaletik baserri batera bizitzera.

Naturarekiko harremana gustuko duzu, beraz.

Bai, gustuko dut. Lana egin beharko dugu Urbian, baina dena ez da lana izango. Han ere izango dugu gure momentuak aprobetxatzeko aukera.

Aurreko kudeatzaileek bezala, iritsiko al zarete fondan beste 25 urte egitera?

Gustatuko litzaiguke, baina ezin da ezer esan. Azkeneko bi urteetan etxean egon gara pandemia tarteko, eta ikusitakoak ikusita, ez dago plan handirik egiterik. Baina saiatuko gara.

Lehenik Elgetara, orain Urbiara... Mantentzen al duzu Azkoitiarekin zenuen lotura?

Fonda hartu dugunetik ez naiz joan Azkoitira, baina nahi dut pentsatu uda pasatzean bueltatu ahalko garela errutinara. Igandero attitterena joan izan naiz bazkaltzera, eta hasi beharko dut berriro joaten, bestela haserretuko zait...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide