Boleibola, pakistandarren ikur

Andoni Elduaien 2022ko abu. 4a, 16:20
Iazko boleibol txapelketako irudi bat.

Guztira, lau taldek parte hartuko dute larunbatean eta igandean Azkoitian jokatuko duten boleibol txapelketan. Xabier Munibe Ikastolako pilotalekuan jokatuko dituzte lehiak.

Pakistandarren komunitateko kideek Azkoitiko III. Boleibol Txapelketa jokatuko dute asteburuan. Xabier Munibe Ikastolako pilotalekuan elkartuko dira lau talde, talderik onena zein den erabakitzeko. Hain zuzen, Arrasateko (Gipuzkoa) eta Aguraingo (Araba) talde banak jokatuko dute txapelketa, eta herriko bik. Partidak larunbatean eta igandean jokatuko dituzte, 14:00etatik 20:00etara bitartean, eta sariak ere banatuko dituzte: talde txapeldunari, txapeldunordeari eta txapelketako jokalari onenari emango dizkiete garaikurrak.

Kriketarekin batera, boleibola da kirolik praktikatuena Pakistanen, eta herriko pakistandarren komunitateak bi kirolen txapelketak antolatu ohi ditu urtero herrian. "Kriketa eta boleibola dira kirolik ezagunenak Pakistanen, baina azken urteetan gero eta jende gehiagok egin du boleibolaren aldeko hautua", adierazi dute antolatzaileek.

Kriket txapelketa antolatzeko bezala, boleibol txapelketa antolatzeko ere udaletxera jo dute laguntza eske, eta baiezkoa jaso dute. Hala eta guztiz ere, udalari eskaera bat egin diote, boleibolean ikastolan jokatu ahal izateko "frontoia urte guztian eskuragarri" edukitzea nahi baitute. "Txapelketa hau jokatzeko bi hilabetetarako eskaria egin dugu, baina gustatuko litzaiguke urte osoan astebururo gune hori eskuragarri edukitzea; izan ere, ez daukagu herrian beste gunerik edo lekurik boleibolean aritzeko".

Duela bi aste jokatu zuten kriket txapelketa, eta hamalau taldek parte hartu zuten. Zumarragako taldeak irabazi zuen txapelketa, eta azkoitiarrak bigarren sailkatu ziren. Orain, hirugarren boleibol txapelketa jokatuko dute, eta iazko txapeldunak ere lehian izango dira; izan ere, Azkoitiko talde batek irabazi zuen boleibol txapelketaren azken edizioa. Aurtengo lehiarako ere "gogor" ari dira prestatzen. Azkoitiko taldeko kideak, esaterako, astebururo ari dira elkartzen azken asteetan, lagunarteko partida batzuk jokatuz txapelketarako prestatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide