Hasi dira andremarietan balkoian zintzilikatzeko Azkoitiko banderak saltzen

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 3a, 20:12
Azkoitiko Udaleko ordezkariak gaur arratsaldean herriko banderak saltzen. (Azkoitiko Udala)

Andremarietan balkoiak kolore gorriz janzteko eta herria girotzeko banderolak saltzen ari da udala. Gaur jarri dute aurrenekoz banderak saltzeko postua Kontzejupean, eta bihar ere izango da horiek erosteko aukera, 19:00etatik 20:00etara. Herrixen elkarteko hainbat saltokitan ere eskuratu ahalko dira banderak.

Ate joka dira andremariak, eta dagoeneko nabari da festa usaina herrian. Azkoitiko Udala gaur hasi da festetan  balkoian zintzilikatzeko Azkoitiko banderak saltzen. Hain zuzen, Kontzejupean jarri dute salmentarako postua, eta hainbat herritar bertaratu da herriko bandera erostera. Bihar ere jarriko dute banderak erosteko postua, 19:00etatik 20:00etara, gaurko leku berean. Herrixen elkarteko hainbat saltokitan ere salduko dituzte banderak: Ikasi, Aitzaki Kirolak, Iturria Parafarmazia, Hazia, Iñaki Argazkiak, Lujan, Bego Mertzeria, Milar Larramendi, Aingeru loradenda eta Kinttlela estankoan.

Udalak ekainaren 24an zintzilikatu zuen udaletxeko mastan herriko bandera ofiziala, eta bandera berriaren erreplikak atera ditu orain andremarietarako, "kale eta auzoetan festa giroa indartzeko" helburuz. 

Banderak bi eurotan jarri dituzte salgai. Udalak jakinarazi duenez, andremarietarako atera dituzten banderen salmentatik jasotako diru guztia Herrixen elkartearentzat izango da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide