Abuztuko ordutegia izango da hilabete osoan bailarako autobus zerbitzuetan

UK01, UK03, UK05 eta UK06 autobus zerbitzuetan izango du eragina abuztuko autobus ordutegiak, eta La Guipuzcoana enpresaren webgunean daude eskuragarri aldaketa guztiak. Gaueko hainbat zerbitzu ere izango dira abuztuan zehar.

Abuztuan sartzearekin batera aldaketak egin dituzte eskualdeko autobusen ordutegietan, eta hainbat zerbitzu kendu eta beste batzuk gehitu egin dituzte. La Guipuzcoana enpresak bere webgunean jakinarazi duenez, lau autobus zerbitzutan izango dira aldaketak: Azkoitia-Donostia (UK01), Azkoitia-Zarautz (UK03), Zestoa-Ermua (UK05) eta Zumaia-Zumarraga (UK06) zerbitzuetan, hain zuzen ere.

UK01 linean, esaterako, astean zehar orduero aterako dira autobusak Donostiara, eta handik ere bai itzulerakoak; igandeetan, aldiz, bi ordutik behin egongo dira autobusak. Era berean, gaueko zerbitzua martxan jarri dute (UK41G), eta Donostiatik itzultzeko egunero bi autobus izango dira, 23:05ean eta 00:05ean. Donostiara joateko ere autobus bat gehiago jarri dute iluntzean, Azkoititik 22:45ean aterako dena. Bestalde, UK03 linean ere gaueko zerbitzua gehitu dute (UK43G). Hori dela eta, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan iluntzeko autobusa egongo da Zarautzera joateko eta handik itzultzeko —joanekoa 22:05ean aterako da Azkoititik, eta itzulerakoa 23:05ean Zarauztik.

Aldaketak izango dira Zumaia eta Zumarraga arteko UK06 linean ere, eta astelehenetik ostiralera orduero aterako dira autobusak handik; horietako batzuk Zumarragaraino joango dira, eta beste batzuk, ez. Zumarragatik itzultzeko, berriz, ia orduero izango dira autobusak, baina Azkoititik Zumaiarako zerbitzua orduero izango da. Gaueko UK43G autobus zerbitzuak ere martxan jarraituko du astelehenetik ostiralera, igandeetan zein larunbat gauetan.

Horrez gain, UK05 linean ere bi ordutik behin aterako dira autobusak Azpeititik Ermuara, astelehenetik igandera bitartean, eta eguneko lehen bi autobusak Zestoatik abiatuko dira (06:35ekoa eta 07:35ekoa). Ermuatik itzultzeko ere bi ordutik behin izango dira autobusak, eta horiek ez dira Zestoara iritsiko. 

La Guipuzcoanak nabarmendu duenez, gaueko hainbat zerbitzu murriztuta daude pandemia dela eta, eta zerbitzuei buruzko oharrei erreparatzeko eskatu diete erabiltzaileei, aldaketak izan daitezkeelako horietako batzuetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide