Astelehenera arte luzatuko dute andremarietako herri bazkarirako izen-ematea

Andoni Elduaien 2022ko abu. 3a, 10:46
2018ko herri bazkariko irudia. (Artxiboa)

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena hilaren 18an herriko plaza nagusian egingo den bazkari herrikoirako. Udaleko Kultura Sailera joan edo deitu beharko da izena emateko.

Azkoitiko Udalak datorren astelehenera arte, abuztuak 8, luzatu du andremarietako herri bazkarirako izen-ematea. Abuztuaren 18an, andremarietako azken egunean, herriko plaza nagusian egon ohi da bazkaria; udalak paella banatzen die izena emandako herritar guztiei.

Udalak jakinarazi duenez, bazkarirako plaza batzuk libre daude, eta oraindik apuntatu ez diren 16 urtetik gorako kuadrillek izena emateko aukera izango dute. Izena udaleko Kultura Sailean eman beharko da, eta horretarako bi bide zabaldu ditu erakundeak. Udaleko Kultura Sailaren bulegoaren bulegoan eman ahalko da izena, eta bestetik, 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta. Kultura Saila astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara egongo da zabalik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide