Marie-Bernadette Dufourcet organo jotzaileak kontzertua eskainiko du larunbatean parrokian

Andoni Elduaien 2022ko abu. 10a, 09:00
Marie-Bernadette Dufourcet. (Donostiako Musika Hamabostaldia)

Baionako organo jotzailearen emanaldia doakoa izango da, eta herritar orok izango du hura zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera. 83. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertua izango da.

83. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Marie-Bernadette Dufourcet organo jotzaileak kontzertua eskainiko du larunbatean, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. 20:00etan hasiko da baionarraren emanaldia, eta sarrera doakoa izango da haren kontzertua bertatik bertara jarraitu nahi dutenentzat.

Dufourcet musikologiako doktorea da Sorbonako Unibertsitatean, baita Parisko Goi Kontserbatorio Nazionaleko organista diplomatua ere. Gainera, Bordeaux Montaigne Unibertsitateko (UBM) katedradun bezala, XVI-XIX. mendeetan Frantziak eta Espainiak izan zituzten aliantza dinastikoak nahiz horien ondorio sozio-politikoak eta kulturalak ikertu zituen.

Nazioarte mailan emanaldi ugari eskaini ditu Dufourcetek, eta irratirako hainbat CD eta programa grabatu ditu, besteak beste, Minnesota Public Radio eta BBC3. Halaber, bere konposizioak Combre, Delatour, Lemoine, FitzSimons, Müller & Schade eta United Music Publishing zigiluek argitaratu dituzte. Frantziako Gobernuak 2011n Officier des Palmes academiques eta 2013an Chevalier dans l’Ordre National du Merite dominak eman zizkion baionarrari. 2021ean, berriz, Bordeleko Academie Nationale des Sciences, Belles-Lettres et Arts-eko kide urgazle izendatu zuten.

Hona hemen kontzertuko egitaraua:

  • Leon Boëllmann (1862-1897)
    • Suite gotikoa
    • Introduction-Choral
    • Menuet gothique
    • Priere a Notre-Dame
    • Toccata
  • Johann Sebastian Bach (1685-1750)
    • Liebster Jesu, wir sind hier korala BWV 633
  • Cesar Franck (1822-1890)
    • Korala si minorrean
  • Jean Langlais (1907-1991)
    • Jesus mon sauveur béni Chants de Bretagne
  • Marie-Bernadette Dufourcet (1956)
    • Phoenix
  • Baldomero Fernández (1871-1934) (Transcripción: M.B. Dufourcet)
    • Laukotearen scherzoa re-n
  • Naji Hakim (1955)
    • Fandangoa (Marie-Bernadette Dufourceti eskainia)
  • Inprobisazioa

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide